argia.eus
INPRIMATU
NATO gehiago Ekialdean eta Obama EBri belarritik tiraka
  • Barack Obama AEBetako presidenteak iragarri du NATOk indar handiagoa izango duela Europa ekialdeko estatuetan, Krimeako krisiaren eraginez Mendebaldeak Errusiarekin dituen harremanak gaiztotu ostean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko martxoaren 27a
Barroso, Obama eta Van Rompuy AEB-EB goi bileran (argazkia: GYI / Philip Reynaers).

Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidentearekin eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batera prentsaren aurrean agertuta iragarri ditu neurriok Obamak.

Eraso militar zuzenaren aukera bertan behera utzita, NATOren presentzia indartzea zertan gauzatu daitekeen ikusteko dago, baina baliteke Errusiatik gertuen dauden aliantzako estatuetan maniobra militar bereziak antolatzea.

2009ko Bakearen Nobel saridunak NATOko kide diren zenbait estaturen gastu militar urriagatik kezka adierazi du. “Ukrainako krisiak gogorarazten digu askatasunak prezio bat daukala”, esan du AEBetako presidenteak.

AEBen babesa akordio transatlantikoek baldintzatuta

Horrez gain, Errusiari zigor ekonomiko berriak jartzeko lan egingo dutela iragarri dute asteazkenean, energia sektorea aipatuz. Ekialdeko potentziak zuzkitzen duen gasaren hain menpeko ez izateko neurriak hartzeko eskatu die Obamak EBko buruzagiei, izan ere, Ukrainako egoerarekin agerian geratu da Batasunaren ahultasun alor horretan.

AEB prest dago Europar Batasunari laguntzeko, baina bere mesederako erabiltzen ari da egoera. Obamaren adierazpenetatik ondoriozta daitekeenez, laguntza estatubatuarra baldintzatuta dator: TTIP akordio transatlantikoko zenbait punturekin EBko buruzagiek erakutsi dituzten desadostasunak alde batera utzi beharko dituzte Errusiak eragin diezazkiekeen problemei lasaiago aurre egin nahi badiote.