argia.eus
INPRIMATU
Natalie Van Put gogoan egingo da Gasteizen indarkeriaren kontrako manifestazioa
  • Autopsiaren zain, prokuradorearen ustez, emaztea kolpatu eta gero bere buruaz beste egin zuen senarrak. Apirilaren 5ean hil zen Natalie Van Put Baionako ospitalean.

ARGIA @argia 2016ko apirilaren 08a
Apirilaren 9ko manifestazioan Natalie Van Put izango dute gogoan bereziki. Argazkia: EHMF.

Apirilaren 4an aurkitu zituzten Bidarten biak, senarra urkatuta eta Natalie Van Put emaztea buruan kolpeak zituela. Biek lana egiten zuten lokalean atzeman zituzten, industrialde batean. Larri eraman zuten ospitalera Van Put eta hurrengo egunean, apirilaren 5ean hil zen.

2015ean, senarra tratu txarrengatik kondenatu zuten, eta lau hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeriarekin nazkatuta daudela adierazi du eta ez direla isilduko, emakumeak aske bizitzeko eskubidea dutelako. Gaitzespen eta salaketa irmoa erakusteko apirilaren 8an, 18:00etan, Bidarten elkarretaratzea egingo dute.

Apirilaren 9an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako manifestazio nazionala izango da Gasteizen “Feministok Prest, 11 eraso 12 erantzun” lelopean, eta han ere gogoan izango dute Natalie Van Put hilberria.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa izango da ekitaldi nagusia, baina Gasteizen egun osoko egitaraua prestatu dute.