argia.eus
INPRIMATU
Nartzisisten lorea
  • Nartzisistak gara. Buruzaleak alegia, ez egoistak edo norberekoiak. Baten bat izango da horiek denak, baina nartzisista da gaurko grazia. Egungo jendartean gero eta nabarmenagoa da gainera ezaugarri baztertzaile hori, “nartzisista naiz”; ni, ni eta ni, Nartziso izan nahi dut. Neure buruaz eta neure obraz maiteminduta nago. Ni neuk sortu dudan maisulana naiz. Nartzisoren mitoa: bere burua errekako uretan islatuta ikusten du eta ezin ederragoa denez, maitemindu egiten da. Uretako islari heldu nahian ito egiten da eta bertan sortzen da nartzisoa, landarea. Nartzisoak (Narcissus spp.) lorea makurtu egiten du eta mitoa ederki janzten du. Argibide bat: nartzisista izateak ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, loratzen ari garenik.

Jakoba Errekondo 2023ko martxoaren 13a
Nartzisoak Donostiako Frantzia pasealekuan. Argazkia: Donostiako Turismo Bulegoa.

Nartziso ondo euskalduna da, mitoaz honantzago lorea. Mitoa ekialdetik ekarri baino lehenago lilipa esaten genien nartzisoei. Gero “aratuste-lore” deitu genien, seguruenera erlijio baten eraginez. “Zitxo” esaten zaio ihiaren tankerako hostoak dituen Narcissus jonquilla espezieari; eta “anbulo gaizto” ere esaten zaio lilipa arruntari (Narcissus pseudonarcissus).

Mediterraneo mendebaldean, Europa hegoaldean eta Afrika iparraldean, baso argi eta belazeetan du jatorria lilipa jendearen genero honek, baina bere aniztasunaren zentroa Iberiar penintsula omen da. 50 bat espezie dagoela uste dute. Espezie basa horiek izugarrizko sona zuten Europako lorategietan, batik bat Ingalaterran, eta XIX. mendera arte Herbehereak ziren bere salmenta eta banaketa gune nagusia. Ingalaterran hainbeste miresten zituzten, espezieen arteko hibridoak landu eta sortzeari ekin baitzioten. Espezie horietatik eratorriak dira gaur egun ezagutzen ditugun 27.000 hibrido eta kultibar. Hibridoak naturan berez gertatutako nahasketetatik sortzen diren era berean, kultibarrak pertsonek eragindako nahasketetatik sortutakoak dira. Nahasketa horien ondorioz ezaugarri oso bereziak dituzten lilipak ditugu: lorearen ugaritasuna, forma eta kolorea, txortenaren tamaina, ugaldu eta hedatzeko kemena, eta abar.

Horietako asko Euskal Herrian bertako gisa identifikatuak ditugun bederatzi espezie eta azpiespezieetatik eratorriak izango dira. Hona bada egun lorategietan gozatzen ditugun milaka horien amonen birramonak: Narcissus assoanus, N. tazzeta, N. triandus subsp triandus, N. triandrus subsp. pallidulus, N. bulbocodium subsp. citrinus, N. pseudonarcissus subsp. pallidiflorus, N pseudonarcissus subsp. nobilis, N. asturiensis eta N. minor. Horiek 1985ean jaso ziren EAEko Landare Katalogoan. Gaur egun Euskal Herrian bizi den lilipa genero osoa berrikusteko azterketa bat egiten ari da Aranzadi Zientzia Elkartea. Lagundu nahi izanez gero, ingurune basatian lilipa ikusiz gero bi argazki atera (landarea osorik eta lorea gertutik) eta lekuen koordenatuekin #lilipa traola erabiliz Twitterren partekatu.

Udaberria ekartzen du lilipak eta mugi, badoa eta…