argia.eus
INPRIMATU
Ñarro eta kurduak Bidarrain Baigorriko etorkinen bestan
  • Bidarraitarrek antolatu dute duela guti arratsalde eta arrats bat Baigorrin zauden etorkin iheslarien alde. Pilota partida, kantaldi, afari, elkarrizketa eta elkar ezagutza, biziki memento goxo bat pasarazi dute bai etorkiner eta bai herritarrer. Arratsean kantaldi bat bazuten paratua, eta kantuen artetik etorkinen lekukotasun zonbeiten entzuteko parada izan dugu, Jackie Aguerre-en itzulpen lanari esker.

Xabier Itzaina Laborari 2016ko otsailaren 22a

Munduko zoko guzietarik jinak dira azken denbora hotan Baigorrin aterbe aurkitu duten gazte horiek: Afganistan, Siria, Eritrea, Sudan, Iran eta Irakeko kurduak... Labur bada labur, beren balentriak dauzkute kondatu globalizazioaren madarikatuek.

Bakotxa bere ixtorioarekin. Egea itsasoan lagunak itotzen ikusi dituenarena. Iranetik azken hamasei urte hotan joan denarena, geroztik Europan herriz-herri erromes dabilana, berak daki nola. Hameka erresuma trebesatu dituenarena, artetik Bulgariako poliziak dirua, paperrak eta telefona –premiazko tresna ibiltarientzat– hartu diozkalarik. Munduaren erdia oinez, untziz, kamionez, otoz, treinez, gordexka kurritu duenarena. Eta gu zainen gainetan jartzen Maignon-en oto lerroak badirelarik.

Gauza bat da arratseko zortzi orenetako berrietan etorkinen lekukotasun buztan batzuen ikustea futbola, meteoa eta Le Pen eta Sarkozy-ren komentario delikatuen artetik. Bertze gauza bat parez-pare gazte horien entzutea, artetik Euskal Herria hameka aldiz eskertuz bere ongi-etorriarentzat. Hor zen Euskal Herriaren poxia, hobeki erraiteko. Bertze ikuspegi bat emaiten du. Beti ere, hain ziren kontent behingoan untsa hartuak izaiteaz nun dantzan ere hasi diren gure fandango eta jauzien urratsean. Soinua unibertsala da. Alabainan, gazte horietarik zonbeit doi bat berotu ziren eta kantaldiaren undarra holako kaos sinpatiko bat bihurtu zen, rap kurdoafgano baten ritmoan.

Artetik entzun ditugu Bidarraitarraren kantuak, 1819an Ñarro herritarrak paratuak:

“Omore ona nuien

hauien  kantatzian

Gazte’ta alegera,

trankil bihotzian

Ontasuna franko

badut intresian

Deusik ez etxian

Orain bezain aberats

nintzan sortzian”.

Gure rapero kurduak ere hortan ziren Bidarraiko plazan arrats hartan. Pobre eta alegera, eta gerokoa gero.