2020an elikadura burujabetzaren aldeko akademiko batzuek adierazpen bat egin zioten Europar Batasunari: Itun Berdearen erdigunean dagoen hazkunde ekonomiko “berdearen” paradigmatik haratago joateko eskatu zioten.
EBko erakundeek nekazarien kezka batzuei soilik heldu diete eta era desegokian, eredu agroindustrial eta kapitalistarekiko konpromisoa berretsiz. Gainera, begirada sistemikoa duten politikak aplikatzeko ideia alde batera utzi dute, ekoizpen-fasera mugatuta. Testuinguru horretan, akademiko talde horrek beste adierazpen bat atera du. Horrela, bada, adierazpena aletzen saiatuko gara artikulu honetan.
Merkataritza askearen narratiba eta prezioetan oinarritutako lehia dira nagusi –EB-Mercosur akordioa da adibiderik berriena–. Elikadura ez da giza eskubidetzat hartzen, merkataritza-negoziazioetarako funtsezko mozkin gisa baizik. Merkataritza-politiken erreforma beharrezkoa da eskala txikiko etxalde iraunkorragoak eta bideragarriagoak babestu eta ugaltzeko. Merkatu birlokalizatuak eta lurralderatutako ekonomiak sortzen laguntzeko ere bai, tokiko merkataritzari lehentasuna emanda.
Merkataritzaren liberalizazioa funtsezko faktorea izan da, artifizialki baxuak diren elikagaien prezioetan eta nekazarien ordainsari eskasean eragiteko. Honetan, EB nekazaritza-produktuen lehiakortasuna sustatzen saiatu da. Logika horren arabera, nekazariek ekoizpen-kostuak murriztu behar dituzte, ustiategien tamaina handitu, errendimendua hobetu eta berrikuntza teknologikoaren bidez lan-kostuak gutxitu. Honek guztiak baserri kopurua murriztea eragin du. Batetik, jada 2013an, ustiategien %3k lurren %52 kontrolatzen zuen. Bestetik, zahartze demografikoa eta erreleborako oztopoak direla eta, nekazal proiektuak desagertuz doaz: 2005etik EBk 4,2 milioi etxalde baino gehiago galdu ditu.
Teknologia berrietan inbertitzen da, Elikadura Sistemen eraldaketa bultzatuko dutelakoan, biodibertsitatearen galera geldiarazita, elikadura segurtasuna ziurtatuta eta klima-aldaketara egokitzea bermatuta. Interes industrialei eta korporatiboei lehentasuna ematen zaie. Elikadura-segurtasuna, bizitza jasangarriak, baliabideen erabilera eta klima-aldaketa arintzeko erronkak bermatzeko I&B kolektibizatu behar dugu, ikerketa bertikalista eta zatikatutik, ezagutzaren merkantilizaziotik eta zientzia-zentrismotik urrunduta.
EBk onartu duen arren Elikadura Sistema iraunkorretara trantsizioak bideratzeko agroekologia gako nagusietako bat dela, kontzeptuaren begirada murriztailean oinarritzen da, soilik nekazaritza praktika iraunkor eta ikuspegi zientifiko gisa ulertzen baitu, dimentsio sozial eta politikoak alde batera utzita. Agroekologiaren begirada holistikoak gure mundu interkonektatuaren konplexutasunak jorratzen ditu, diziplinarteko ikaskuntza, praktika iraunkorrak eta gobernantza-ingurune egokiak sustatzen ditu, Elikadura Sistemak eraldatzeko.
2024ko urtarrilean EBk "Nekazaritzaren Etorkizunari buruzko Elkarrizketa Estrategikoa" abiarazi zuen. Foro horrek EBko nekazaritza-ikuspegi partekatu bat emateko helburua du. Bertan elikadura kate osoko alderdi interesdun nagusiak biltzen dira, elikadura industriako presio-talde handiak, baita GKE batzuk ere. Botere-harremanei behar bezala heltzen ez bazaie, arriskuan jartzen da gobernantza demokratikoa. Bidezko elikadura trantsizioek bestelako gobernantza-prozesuak eskatzen dituzte, gardentasunerako, legitimitaterako eta partaidetzarako mekanismo argiekin.
Akademikoen talde horren arabera, EBk narratiba berri bat garatu behar du, oinarrizko bost gai horiek bilduko dituena. Eskuinerantz jo duen Europa honek, ea horretarako gaitasunik erakusten duen.