argia.eus
INPRIMATU
Napoka Iria taldeak agur esango du Eibarren azken kontzertua jo ondoren
  • Napoka Iria taldeak denbora zeraman publikoki agertu gabe eta aste honetan jakinarazi dute taldea “isiltzeko tenorea” iritsi dela.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko maiatzaren 17a
Ander Mujika eta Miren Narbaiza, Napoka Iriako kideak.

“Argi ikusi dugu izan zenari ez diogula bortxaz tira egin nahi, halabeharrez jarraitu baino hobe baita aro batzuk amaitzea beste batzuei gogotsu ekiteko”, esplikatu dute aste honetan prentsara bidalitako ohar baten bidez.

Miren Narbaizak eta Ander Mujikak 2006an argitaratu zuen taldearen izen bereko lehen diskoa eta 2010eko hamarkada hasierakoak dira euren bi lan diskografiko esanguratsuenak: Lehertarazi edifizioak (2011) zuzeneko lana eta Arnasten ikasteko berriz (2013), detaile guztiak zainduz eta bi musikarien berezko estiloari eutsiz argitaratu zuten disko biribila.

Lan horiek zuzenean aurkeztuz pixkanaka Euskal Herriko musikazaleen arreta lortu zuten, batzuetan bikotean, beste batzuetan Napoka Band gisa, non Narbaizaz eta Mujikaz gain, Willis Drummond eta Andrakan taldeko kideekin aritu ziren.

Askok gogoratuko dute ETB1eko Tumatxak saioan taldeak izan zuen parte hartzea ere: euskal musikaren mitoei buruzko programan kantu klasikoen bertsioak egin zituzten eta lan horri esker asko zabaldu zen taldearen oihartzuna.

Azken kontzertua Eibarren

Ibilbide horren azken geltokia Eibarko Coliseo antzokia izango da. Uztailaren 7rako iragarri dute taldeko kideek azken kontzertua. Beraiekin kolaboratu duten hainbat lagun ere eszenatokian izango direla azaldu dute.

“Ez da erraza izan erabakia hartzea. Amaierek dakarten sentimendu askoren nahasmena izan dugu; tristura eta oinazea batetik, damuaren beldurra, baina baita asetasuna eta poztasuna ere”, esplikatu dute taldekideek.

Napoka Iriaren azken kontzertua iragartzen duen kartela (Savanna estudioa).