Jon Alonso idazleak Naparra: kasu irekia (Elkar) liburua aurkeztu du ostegun goiz honetan. 1980an Batallon Vasco Español (BVE) talde parapolizialaren eskutik desagerrarazitako militanteari buruzko ikerketa sakona eskaintzen du obrak.
1980ko ekainaren 11n, José Miguel Etxeberria Naparra Ziburura joateko etxetik irten zen, norbaitekin biltzekoa baitzen. Lapurdiko herri horretan ikusi zuten azkeneko aldiz: geroago BVE talde parapolizialak Deia egunkariari jakinarazi zionez, ETAko eta Komando Autonomo Antikapitalistetako kide izandako Etxeberria bahitu eta Donibane Lohizuneko Xantako inguruan ehortzia zuten. Gorpuaren bila aritu ziren senide eta lagunak, baina ez zuten aurkitu. BVEk ohar gehiago kaleratu zituen ondoren, beste leku batzuetan lurperatuta zegoela esanez, baina 40 urte pasata, Naparra-ren gorpuzkiak ez dira oraindik agertu. Argitu gabeko auzi horren inguruko informazio berriak agertzen joan dira geroztik, itxi gabeko gertakaria dela gogoraraziz.
Auzia sakon ikertu du Jon Alonsok eta ostegun honetako aurkezpenean nabarmendu du Naparra aferak elementu guztiak dituela Nazio Batuen Erakundeak (NBE) “behartutako desagertze” gisa sailka dezan –hala egin zuen, izan ere, 2014an–: estatuaren edo haren esanetara dagoen erakunde paramilitar baten parte hartzea, desagertzeari buruzko informazioa ezkutatzea... Eta baldintza horiek kontuan izanda, Naparra-rekin berbiktimizazioa gertatzen ari dela esan du, haren balizko hilketaz eta desagertzeaz gain aitortza eta egia ere ukatuak izan zaizkiolako senideei. “Euskal gizarteak jakin behar du hori gertatzen ari dela”, esan du Alonsok eta gaineratu du desagertuaren senideei ez zaiela inolako momentutan behar besteko arretarik eman.
Kasu irekia
Liburuaren izenburuan aipatzen da “kasu irekia” dela Naparra-rena eta idazleak azaldu nahi izan du zergatik: “Ez da nik esaten dudan zerbait, NBEk esaten duenaz aparte, Espainiako Auzitegi Nazionalean ere antzera gertatzen da, nahiz eta orain auzitegi horretan kasua irekita ez egon, behin behinean baitago ikerketa geldituta, diligentzia berriak jaso zain. Beraz, Auzitegi Nazionalean ere ez dago itxita”. Horrez gain, noski, Naparra-ren senideen oroimenean eta euskal gizartearen parte batenean ere itxi gabeko auzia da.
Itxi gabekoa, baina urteekin argitzen joan dena. Izan ere, Xabier Mendiguren editoreak galdetu dionean zer iritzi duen desagertze honen inguruan sortu izan diren beste hipotesiez –tartean, ETA bera izan zela Naparra hil eta desagerrarazi zuena, Pertur-en kasuan hipotesi gertagarritzat jo izan den moduan–, Alonsok garbi erantzun dio galderari: “Oso duda gutxi dago BVE izan zela. Beharbada 85ean pentsatzea ETA izan zela... baliteke zentzua izatea; baina gaur egun, ikusi ditugun hainbat gauzarekin, oso zaila dela hipotesi horri eustea. Eta eusten diotenak, nire ustez, agian dira kasua hainbeste segi ez dutenak, galdetzen diezunean itzultzen baitira garai horretara eta hautsak kentzen dizkiote orduan pentsatzen zutenari”.
Dokumentazio lan sakona
Liburua osatzeko, prentsan eta liburuetan aurkitutako materialaz gain, aurrez aurreko 30 elkarrizketa inguru egin dituela azaldu du Alonsok, baita material hori guztia kudeatzeko izan dituen lanak ere. Zirkulu kontzentrikoak osatuz joan kasuari buruzko argibideak biltzen, familia eta ingurukoetatik hasi eta, lorratz berriak aurkitu ahala jende berriarekin hitz eginez. Denetariko erantzunak jaso dituela ere azaldu du, problemarik gabe euren testigantza eman dutenetatik hasi, hainbat motibo medio uko egin diotenetatik pasa eta zekitena kontatu bai, baina anonimotasuna gorde nahi izan dutenetaraino.
Liburuaren lehenbiziko bertsioa 2017rako prest zeukala ere esplikatu du idazleak, baina azken urteetan kasuari buruzko datu gehiago argitara atera ahala –tartean Mont-de-Marsanen egindako gorpuaren bilaketa– berridatzi egin behar izan duela. “Denbora guztian bizirik egon da liburua eta bilakaera bat izan du idatzi bitartean ere”, esan du Alonsok.
Elkar argitaletxearen “Lekuko” sailaren barruan argitaratu da liburua eta Debako Udalaren Tene Mujika bekari esker argitaratu ahal izan da.