Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz Ziburun eta bere heriotzaren nondik norakoak ez dira argitu gaur arte. Lizartzako Igarolabekoa baserrian egin diote oroimen ekitaldia eta desagerpena argitzea eskatu du familiak aurten ere.
Jose Miguel Etxeberria Naparra oroitu dute familiaren Lizartzako (Gipuzkoa) Igarolabekoa baserrian igandean, ekainaren 16an. Urtero bezala, desagerketa eta heriotza argitzea eskatu dute. Familiak ziurtatu du ez dutela amore emango gertatutakoari buruzko egia argitara atera arte. 1968ko Sekretu Ofizialaren Lege frankista indargabetzea eskatu du Eneko Etxeberria Naparraren anaiak, EITBn eginiko adierazpenetan.
Naparrari egindako oroimenean Eneko Etxeberriak 2014. urtean Nazio Batuen Erakundearen behartutako desagerpenen lantaldearen laguntza nabarmendu du eta erakunde honek Naparraren kasuaren gainean izango zirela ziurtatu zion familiari, Naizek jakinarazi duenez. NBEk jakinarazi zion familiari bortxaz desagerraraziko biktima baten senideak zirenez, eskubidea zeukatela egia jakiteko. Eneko Etxeberria Naparraren anaiak ARGIAn adierazi zuen nola bizi duen familiak urte guzti hauetan bere anaiaren kasuari buruzko egia jakiteko ezintasuna.
‘Naparra’ Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen desagertu zenean, eta aurretik ETAko kide ere izan zen. Batallón Vasco Español (BVE) gerra zikineko taldeak honen bahiketa eta desagerraraztea aldarrikatu zituen eta ekainaren 30ean hil zutela eta Donibane Lohizuneko Txantako izeneko parajean lurperatu zutela adierazi zuen BVEk, Deia egunkariari jakinarazi ziotenez. 2017ko eta 2024ko apirilean, Frantziako Jendarmeriak Auzitegi Nazionalaren aginduarekin bi saio egin zituen Naparraren gorpua aurkitzeko, baina bietan ez zuten ezer aurkitu.