argia.eus
INPRIMATU
‘Naparra’ non dagoen zehazten duen idazkia eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Mont de Marsanetik (Landak) gertuko harizti batean bilatu zituzten Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpuzkiak apirilaren 4an, baina ez zuten ezer aurkitu. Naparra han lurperatu zutela esan zuen estatu terrorismoari lotutako iturria bilatzeko agindua eman du orain Ismael Moreno epaileak.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 25a
Pako Etxeberria auzi-medikua, Eneko Etxeberria Naparraren anaia eta IƱigo Iruin abokatua

Landetako bilaketak ez zuen emaitzarik izan, baina Naparra-ren familiak esan zuen ez zuela ikerketa bertan behera utziko. Hori dela eta, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak izapide berriak agindu ditu.

Iturri anonimoak Naparra non dagoen azaltzeko egin zuen eskuidatzia hamar eguneko epean entregatzeko eskatu dio epaileak Iñaki Errazkin kazetariari, eta Espainiako poliziari eta Guardia Zibilari agindu die iturriaren inguruko datuak bildu ditzatela, hura aurkitzeko.

Ismael Morenok 2004an artxibatu zuen auzia ez zituelako Naparra-ren hiltzaileak identifikatu. 12 urte geroago familiak eta auzitegi-medikuak bi txosten aurkeztu zituzten, zehazten zutenak gorpuzkiak Brocas eta Labrit herrien arteko hariztian daudela. Txosten horietan oinarrituta berriro ireki zuen auzia Moreno epaileak eta Naparra-ren gorpua bilatzeko eskatu zion Frantziari. Jendarmeriaren talde espezializatu bat, Paco Etxeberria auzitegi-medikuak eta Iñigo Iruin abokatuak lagunduta, Naparra-ren gorpuzkiak aurkitzen saiatu zen Landetako eremu horretan, baina ez zuen ezer aurkitu.