argia.eus
INPRIMATU
Getariara heldu da Espainiako Inperioaren krimenak zuritzen dituen Nao Victoria itsasontzi-museoa
  • Abuztuaren 7an ospatuko dute Getarian "Elkanoren lehorreratzea" eta data horrekin lotuta Espainiako Fundación Nao Victoriak kudeatzen duen itsasontzi-museoa ostegunean porturatu da Gipuzkoako herrira. Museoaren helburua da "Espainiako itsas-historiaren berri" ematea, "Europa, Amerika eta Asia elkarlotzen" egindakoak oinarri hartuta.

Axier Lopez @axierL 2018ko abuztuaren 03a
Nao Victoria itsasontzi-museoa artxiboko irudi batean: Argazkia: FundaciĆ³n Nao Victoria

Munduari bira eman zion itsasontziaren erreplika ostegunean heldu da Getariara. Sevillan eraiki zuten 1991ean, "Amerikako Aurkikuntzaren V. Mendeurrena" ospatzeko Espainiako Gobernuak antolatu zuen "Expo 92" delakoren harira. Fundación Nao Victoriak kudeatzen du orduz geroztik eta munduko kai askotatik bueltaka ibiltzen da ordaindupeko museo gisa. Getarian izango da abuztuaren 8ra arte, ondoren Bermeo, Mutriku, Lekeitio, Santurtzi eta Bilbon izango da irailaren 11 arte.

Nao Victoriaren erreplika ostegunean Getarira heltzen.
Nao Victoria itsasontzi museoa Getariko portuan.

Espainiako Inperioaren krimenen zuriketa eta espainiar nazionalismoaren erakusgarri

1519an Magallanesek abiatu eta 1522an Elkanok burututako Mundu Bira inoiz historian egin den itsas-espediziorik inportanteena dela diote Fundacion Nao Victoriaren webgunean. Ondorengo datuak azpimarratzen dituzte jarraian: "Espainiako Koroak sustatutako espedizio honek, Espezien Armada deitua, garai hartan mundu osoan etekin handienak ematen zituen komertzioa eskuratzea zuen helburu". Portugal eta Gaztelako erresumek, nagusiki, Asiako hainbat herri azpiratu ostean, sortutako arpilatze masiboaz ari dira.

Fundazioak ondorengo "lorpenak" esleitzen dizkio Magallanes eta Elkanoren Mundu Birari, hizkuntza eta ikuspegi eurozentrista eta inperialista ezkutatu gabe:

- Magallaneseko itsasartea, Mariana, Moluka, Marshall, Tuamotuko eta Filipinetako irlak "deskubritu zituzten".

- Espainiatik Espezien irlarako bidea deskubritu zuten. Nao Victoria espeziez goraino beteta itzuli zen.

- "Korronte komertzial transozeaniko erraldoi bati" hasiera eman zioten, Europa, Amerika eta Asia behin betiko lotuz.

Juan Sebastian Elkanoz eta haren Mundu Biraz bertsio ofizialak ezkutatzen duenari buruz gehiago jakiteko ondorengo erreportajea idatzi dugu: Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko?