argia.eus
INPRIMATU
Nantes Revoltée hedabide independentea desegin nahi du Frantziako Gobernuak
  • Hamar urte daramatza Nantes Revoltéek informatzen, baina urtarrilean hedabidearen disoluzio prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak. Nantes Revoltéek salatu du beren aurkako prozedurak hedabide independente oro eta informazio eskubidea mehatxatzen dituela.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko otsailaren 09a

Nantes Revoltée hedabide independentearen hamar urteko ibilbideari amaiera aman nahi dio Frantziako Gobernuak, urtarrilaren 25ean abiatutako prozeduraren bitartez. Nantes Revoltéeko kideek emandako azalpenen arabera, eskuineko eta eskuin muturreko zenbait hautetsik egin zuten hedabidea desegiteko eskakizuna, gobernuak epe laburrean onartu zuena, disoluzio prozedurari hasiera emanez. Gerald Darmanin Frantziako Barne Ministroa eman zuen hedabidea desegiteko asmoen berri Frantziako Legebiltzarrean.

Urtarrilaren 21ean Nantesen (Bretainia) egindako manifestazio bat erabili dute hedabidearen disoluzioa eskatzeko aitzakia gisa. Egun horretan, eskuin muturraren aurka mobilizatu ziren hainbat pertsona, eta deialdiaren jarraipena egin zuen Nantes Revoltéek. Manifestazioaren akaberan bi erakusleiho hautsi zituzten, eta gertakizun horretaz baliatu dira hainbat hautetsi hedabidearen desegitea eskatzeko.

Hedabidearen arabera, desegitea aurrera eraman ahal izateko Frantziako Gobernuak Barne Segurtasuneko Kodearen L212-1 artikulua erabiliko luke, zenbait hedabidek emandako informazioaren arabera. Artikulu horren arabera, "pertsonen edo ondasunen aurkako adierazpen armatuak edo indarkeriazko ekintzak eragiten dituzten elkarte eta talde guztiak dekretuz desegin daitezke Ministroen Kontseiluan". Hala bada, artikulu horren erabilera eginez gero, Nantes Revoltéeri egotziko litzaioke manifestazioko liskarrak eragin izana.

Kazetaritza independenteari eta informazio eskubideari erasoa

Hala egiteak aurrekari arriskutsua ezarriko lukeela ohartarazi dute Nantes Revoltéeko kideek: "Lege horrek hedabide independente bat zentsuratzen uzten badu manifestazio deialdien berri emateagatik, zentsura-olatu erraldoi bati atea irekiko litzaioke. Horixe da, hain zuzen ere, helburua. Botereak ito egiten du oraindik ihes egiten dion gutxiengoa, hitz dibergente minimoa, kontrabotere minimoa".

Macronen Gobernuak hasieratik oposizio politikoa suntsitzeko asmoa izan duela eta asmo berarekin jarraitzen duela salatu du jo puntuan den hedabideak. "Macronek bost urte daramatza askatasunei eraso egiten, hasi jaka horien kontrako errepresiotik eta "separatismoaren" aurkako legeraino, hasi osasun-larrialdi egoeratik eta polizia militarizatu arte, hasi erizainen aurkako errepresiotik eta bigarren hezkuntzako ikasleenera arte. Ez du zalantzarik egin kazetariak atxilotu eta zauritzeari dagokionez, ezta bere "segurtasun lege globala" ezartzeko ere. Estilo horretan amaitu nahi du, hedabide independenteei bozala jarriz".

Zentzu horretan, gogorarazi dute Mugarik Gabeko Erreportariak GKEaren prentsa askatasunari buruzko klasifikazioan, 180 herrialdeen artetik 34. postuan dagoela Frantzia. "Frantzia etengabe zigortua da informatzeko eskubidea urratzeagatik, 'ordenari eusteko plan nazional berriaren' eta 'segurtasun globalaren lege-proiektua' deritzonaren testuinguruan". Manifestazioen jarraipena egitea geroz eta zailagoa eta arriskutsuagoa bilakatzen ari dela azaldu dute, eta adibide gisa jarri dute 2020an IGPN Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak gutxienez bi ikerketa-kazetari zitatu zituela "sekretu profesionala ezkutatzeagatik".

Prozeduraren egoera

Nantes Revoltéek urtarrilaren 26an egindako argitalpenean jakinarazi zuenez, gaur gaurkoz ez dute jaso disoluzio administratibo agiririk jaso. "Gure abokatuek oraindik ez dute argi ikusten Barne Ministerioak nola desegin gaitzakeen prentsa-askatasunaren aurka zuzenean eraso egin gabe, eta beraz, hedabide asko arriskuan jarri gabe, menderatzaileak barne".

Elkartasun olatua

Desegite mehatxuaren aurrean jasotako elkartasunarekin eskertuta agertu dira proiektu komunikatiboaren atzean dauden kideak: "Botereak espero zuen gure hedabidearen disoluzioarekin gainontzeko hedabideak beldurtzea (...) Eta inoiz gure bueltan ikusi gabeko babes eta protesta olatua lehertzea izan da lortu duen bakarra da".

Elkartasun keinu oldearen harira, irakurketa positiboa egin dute: "Horrek erakusten du asko garela, asko zaretela. Oraindik jende askok ez du etsi eskuin muturra eta ultraeskuina nagusi diren panorama mediatikoaren aurrean, milioi askokoek iritzi publikoa nola monopolizatzen duten ikusi beharraren aurrean. Gutariko askok oraindik uko egiten diogu burua makurtzeari mandatari autoritarioek osatutako gobernu baten larderiaren aurrean, poliziaren xantaiaren aurrean amore emateari, propaganda neoliberala irensteari. Ez etsi egungo hondamendi politiko, sozial eta ekologikoaren aurrean, ezta tristura giroaren aurrean ere. Elkar  aurkitzea besterik ez dugu behar, elkartzea".

Nantes Revoltée nola babestu pentsatzen ari denarentzat, hainbat modu daudela gogorarazi dute. Hedabidea informazio iturri gisa erabiltzen jarraitzea eta papereko edizioa eskuratzea, hedabidearen disoluzioaren aurkako eskaria sinatzea, edota donazioak egitea beren jardunarekin jarraitu ahal izateko eta errepresioak ekar dakizkiekeen gastuei aurre egiteko.