argia.eus
INPRIMATU
Nahiz eta moldaketak izan, Euskal Herri mailan prebentzio neurriek indarrean jarraituko dute Aste Santuan
  • Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan martxoan eta apirilean ere mugikortasuna nolabait mugatuta egongo dela adierazi du Gotzone Sagarduik. Nafarroako Gobernuak zuhurtziarekin jokatu beharra dagoela adierazi du ere eta Ipar Euskal Herriak momentuz ez ditu prebentzio neurriak arinduko, intzidentzia tasa apala izan arren.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 04a
Argazkia: Euskalerria irratia

Martxoan eta apirilean mugikortasunari lotutako neurri murritzaileak indarrean egongo direla adierazi du Gotzone Sagardui Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sailburuak. Azken egunetan, pandemiaren hobekuntza asko mantsotu dela adierazi du, zehaztuz intzidentzia metatua oraindik oso altua dela –243,8koa–. Prebentzio neurriei eusten jarraitzea beharrezkoa dela azaldu du, birusaren zabalkundea gelditzeko asmoarekin.

Nafarroako Gobernuak "zuhurtziaren" aldeko apustua egin du Aste Santuko oporren aurrean, Javier Ramirez presidenteordeak eta gobernuko bozeramaileak adierazi duenez. Momentu honetan lehentasuna "datuak sendotzeak" eta "txertaketan aurrera egitea" izango da. Maria Txibite presidenteak mugakideen adostasunik gabe erabakirik hartu nahi ez duela adierazi du. Nafarroa une honetan hirugarren alerta mailan dago, ondorioz, konfinamendu perimetrala baloratu beharreko neurri gisa agertzen da, baina martxoaren 11n bukatuko dira indarrean dauden prebentzio neurriak eta aldaketak egiteko aukera egongo da. Nafarroan positibo tasak ere gora egin du –asteartean %2,75 izatetik atzo %3,5 izatera igaro baita–.

Ipar Euskal Herria, kutsaturiko 50 kasu 100.000 biztanleko langapean aurkitzen da momentu honetan, baina, hala eta guztiz ere, ez dira prebentzio neurriak arinduko. Osasun politikak lurralde bakoitzaren araberakoak izatea proposatu dute, ez bakarrik egoera txarrean dauden lurraldeetan, emaitza onak dituztenak ere kontutan hartzea. Hala nola, Paul Molac diputatu bretoiak osasun egoera hobea duten lurraldeetan neurriak arintzea proposatu du, etxeratze agindua 18:00etan beharrean 20:00etan jartzea. Proposamen honek Emmanuel Macronen Gobernuaren ezezkoa jaso du.