2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da bederatzigarrena eta azkena.
Kurdistango iragana gogoratzeak, oraingoa entzuteak eta etorkizuna aurreikusteak ez dute baikortasunera eramaten, baina herri honen erresistentziak eta borrokak bizirik dirauela erakusten dute. Rojava-ko eremu askatuetan garatzen ari diren esperientziek herri kurduaren eta munduko beste herri askoren itxaropena elikatzen dute. Kurduak kontziente dira Afrin, Kobane eta Cizire-ko kantoietan eraikitzen eta defendatzen ari direnaren potentzialtasunaz. Erregimen turkoa ere, eta horregatik bere amorruzko erantzuna, bonbardaketekin, tankeekin eta jihadista-hordekin. Abdullah Öcalan-ek teorizatutako konfederalismo demokratikoa oinarritzat hartuta, YPG/YPJ-k eta beste ezkerreko talde armatuek askatutako zonaldeetan antolamendu era berriak gauzatzen ari dira. Han garatzen ari diren demokrazia zuzena eredua handik kilometro gutxitara erregimen turkoak, ISIS-ek edota beste talde islamistek bertoko biztanleei ezarritako menderatze ereduaren kontrapuntua da. Rojava-n martxan jarritako antolaketa eta komunitate ezberdinen (kurdoa, asirioa, arabiarra, yazidia, turkomanoa, …) parte-hartze prozesuak etnia-anitzeko eredu baten alde egiten du, non eta munduko zonalde gatazkatsu horretan. Emakumeen zientzia den Jineologî-n sustraitua, emakumeak irabazten ari diren protagonismoak patriarkatuaren, kapitalismoaren eta Estatuaren kontrako borrokaren erdigunean kokatzen ditu emakumeak, eta tradizioz inposaturiko rola apurtzen du. Ekologiak, konfederalismo demokratikoaren oinarrietako bat izanda, baliabideen gain-ustiatzea eta herriak eta natura kondenatzen dituen desarrollismoa zalantzatan jartzen ditu. Rojava-ko esperientziek, beren zailtasunekin eta egonkortasun ahularekin, argi-izpiak helarazten dituzte Kurdistango gainontzeko lurraldeetara. Erakusten dute ere herriaren potentzialtasuna, behin Estatuaren aparatu zentralistatik libre eta bere beharren arabera antolatuta.
Bakur-retik itxaropenaz begiratzen dute Rojava-ra, eta amorruarekin Afrin-era. Bizi dira amorruarekin ere beren egunerokoa, non gorria, horia eta berdea bakarrik eremu pribatuan elkar jar daitezkeen. Hala eta guztiz ere, herri kurduaren distira estaltzeko Estatu zapaltzaileen saiakerek ezin dute ekidin ikur kurduaren erdian kokatutako eguzkiaren izpiak bidea argitzen jarraitzea. Errepresio sistematikoak eta sufrimendu sakonak ez dute lortu herri irmo honen borondatea makurtu. Yilman jakintsuak era sinplean eman zigun gakoa, Bakur-ren ere konfederalismo demokratikoa garatzeko bideragarritasunaz galdetuta. Bere esanetan, gaur egungo egoeran ezin da inplementatu, parte-hartze politikoa ezindua dagoelako. Baina azpimarratu zuen herria gogotsu dagoela politikan parte hartzeko. Ez dute lortu desio hori itzaltzea. Eta hori etorkizunerako bermea da.