Heldu gara Miarritzera eta Atabalen sartu orduko teloneroak azken kanta jotzen ari dira. Amalgama konpaseko kanta da, kostatu zait harrapatzea. Publikoko aurpegi ezagunei eskerrak eman eta bero utzi dio oholtza Pelax talde donostiarrak hirukote baionarrari. Iskina banatan jarri dira Jurgi eta Xan, Felixi normalean bateria jotzaileari ematen ez zaion aitortza emanez, edo hori da nik interpretatu dudana. Gustatu zait keinua.
Disko berriko lehen kantarekin eman diote hasiera, publikoak espero bezala. Akorde bakoitzaren tempoarekin batera zihoazen argi harrigarriek egin dute indartsuago hasierako agurra. “Komunitaterik ez da elkarren ardurarik gabe” dio hurrengo kantak, ordurako, gaualdiko publikoa komunitate bihurtua.
Ibilbide minimo bat egina duten taldeen antzera, bizkor ibili dira hauek ere eta giroa are gehiago berotzeko xedez, aurreko diskotako kanta ezagun batzuk tartekatzen hasi dira. Disko berria sobera ongi ezagutzen ez duten aspaldiko zaleak aretoko komunitatera ekarri ditu honek.
Gitarra elektrikoak, baxuak eta bateriak osatzen duten taldeak ere uki ditzake azaletik barrurako kontuak. Astebete lehenago zenduriko lagun minaren seme eta amari babesa helarazi eta hari eskaini diote hurrengo kanta, Zugzwang: xakean gertatzen den egoera, zeinetan mugimendu oro jokalariaren kalterako den.
Kontzertuko une hunkigarriaren ondotik festarekin jarraitzeko gonbitea egin digu Xanek eta diskoteka bihurtu dute Atabal: argi guztiak publikoari zuzendurik, oholtza beltz. Orduan jo dituzte abesti ezagunenak.
Bere lanarekin jarraitu du baxu-joleak eta taldearen eta publikoaren arteko harresia eraitsiz mintzatu da, Atabalen aurreko aldian zirenen bikoitza ginela esanez eta eskerrak emanez, hala errepikatu dutenei nola lehen aldiz etorri garenoi. Etxean ari da jokatzen hirukotea eta, holakoetan, ez da eskaintzarik falta, aspaldiko lagunendako joan da hurrengoa: Anai. “Ongi pasatzen da?” hartu du hitza berriz Xanek, “nahiz eta poperoak izan?” gehitu du publikotik oihukaturiko komentarioari tonu trufatian erantzunez.
Giroa lasaitu da disko berriko kanta indartsuenetakoaren momentua heldu denean. Ez dut gezurrik esanen, Anari agertuko zelakoan nintzen. Bukaerarako utzi dituzte betiko beste tematzar horietako batzuk, hauek ere lagunei eskainiak.
Errege Magoek ekarri zizkidaten sarrerak eta gutuna idatzi ziena etorri da nirekin, emanaldia gozatzeko esperantza handirik gabe. Kontzertua bukatu bezain pronto biratu dut burua berarengana, ezer esan gabe baina begiradarekin galdetuz; “hauek Berri Txarrakek baino gehiago molatzen dute” esan dit. Nahikoa eta soberan.