Bi egunetan Nahikari Otaegiren kondena txandaka kartzelan betetzeko prest agertu dira 200 pertsona baino gehiago, ARGIAri Nahikari Aske ekimeneko iturriek baieztatu diotenez. Aranjuezko espetxean preso dago Otaegi, zortzi hilabeteko semearekin. Segiko kide izatea egotzita sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bere babesean sortutako plataformatik egoera salatzea eta kartzela egoera hobetzea dute helburu.
Webgunean adierazi dute ekimenaren funtsa: “Nahikariren kartzela zigorra manifestuaren sinatzaileen artean banatuko litzateke, bakea eta giza eskubideen aldeko ekimen gisa. Nahikariren kartzela zigorrari dagozkion egunak beteko genituzke txandaka Nahikari gatibu dagoen amen moduluan, berak bere amatasuna espetxetik kanpo bizi dezan, seme-alaben ondoan”.
Ondorengoa onartu behar du atxikimendua ematen duenak, webgunean irakur daitekeenez: "Nahikariren kartzela zigorrari dagozkion egunak txandaka Nahikari gatibu dagoen Amen moduluan betzeko prest nago, berak bere amatasuna espetxetik kanpo bizi dezan, seme-alaben ondoan".
Ekimenetik jakinarazi dutenez, Euskal Herri osoko jendea ari da atxikimendua sinatuz bere burua eskaintzen, "gehien bat Bizkaia, Lapurdi eta Gipuzkoako jendea". Asteazkenean 16:00etan 221 ziren zerrendan izen emandakoak. Datozen egunetan zerrenda publiko egingo dutela jakinarazi dute eta atxikimenduak jasotzen jarraitzeko asmoa dute.
Nahikari Otaegiri sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011an, Segiko kide izatea egotzita. 2013ko apirilaren 26an zazpi hilabeteko bere alabarekin aurkeztu zen Aranjuezko espetxean, gelditzen zitzaion lau urte eta sei hilabeteko zigorra betetzeko. Hiru urteko semea du kartzelatik kanpo.
Twitter kontua ere sortu dute: