argia.eus
INPRIMATU
Nahi eta ahal

Josu Iraeta 2024ko maiatzaren 02a

Ukaezina da hauteskunde-kanpainak nekatu egiten dituztela denak, ez bakarrik lehenengo arreta eta ondoren bozka eskatzen zaien gizartea, baita egunez egun bozka-emaileak konbentzitzen saiatzen direnak ere.

Azken egunean, batzuen eta besteen emaitzak eta balorazioak ezagutu ondoren, protagonisten negoziaketen denbora heldu da. Eta azkenik, “sedimentazio” aldi baten ondoren, hainbat azterketa iristen dira, eta horretan gabiltza orain.

Duela egun gutxi EH Bilduk lortutako emaitzari begira –eta hasierako poza baretzen doan neurrian– geroari begiratuz hainbat burutazio eta zalantza sortzen zaizkit. Beharbada urteari esker bildutako eskarmentuak dioen bezala, egia da gauzak ez direla egun batetik bestera mamitzen, eta denbora beharrezkoa izanik, erne baina lasai jardutea dela zuzena. Baina zalantzak bertan jarraitzen dute, baita antzeko aholku eta buruhauste gehiagok ere.

Zalantza ugari bai, ez baitakit Gasteizko legebiltzarrean, taldeen arteko lankidetza zer nolako kolorez azalduko zaigun. Ez baitut argi ikusten zenbaterainoko balioaz, Anduezaren taldeak eskainiko ditun ezkerrak oparitutako bozkak.

Ezta lehengo sakeak luze eta gogorrak edo bihurri bezain laburrak izango diren. Baina uste dut gu izango garela sakeari erantzun beharrean, eta beharbada ez hasieran bakarrik, luze iraungo duen legealdian baizik.

Hori horrela gertatzen bada –nik horrela uste dut– lanak izango ditugu, jasotako indarra herriaren beharrak aseko dituen iturri bihurtzen. Ez da erraza izango.

Ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den gertatzen ari dena, zaila da herri honen oihu eta garrasi luze bezain sakona isiltzea.

Horrela entzuteak gogor samarra dirudi baina Euskal Herrian hainbat froga ditugu aurrez aurre. Bide horretan, badakit ez dela askoren gustukoa eta Vascongadas terminoa entzuten dutenean belarriak “zorrozten” dituztela, baina gauzak horrela dira eta historikoki hala ulertu izan da. Ni termino hori erabiltzearen aldekoa naiz, desadostasunaren ispilu gisa ikusten dut, benetako helburua zein dugun kontzientzia aldarrikatzeko balio duena.

Dena dela, desintegrazio horren gainetik integrazio borondate bat badagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria da. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da geure historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Alegia, gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori aldatu beharra dago.

Gaur egun, PSOE, PP eta bere ingurukoek bultzatzen duten integrazioa ezinezkoa da, ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe. Bestela ez da integrazioa, kolonizazioa baizik. Gainera, integrazio espainiarra bultzatzen dute, eta oker ez banago, hauteskundeen emaitzak diotenez, euskaldun gehienak ez daude ados, beste zerbait nahi dute.

Mezulariak ezagutzen  ditugu, mezua ere bai; elkarbizitza aldarrikatzen den helburu ukaezina, bale, ados. Baita erabakitzeko ahalmen osoa ere, bale, baina zer erabakitzeko, espainiar “nacionalistek” nahi dutena, hala abertzale euskaldunok nahi duguna?

Espainiarrak izatea derrigortuz, inposatuz? Hori da elkarbizitza?

Horregatik, denbora luzea daramagu normalizazio politikoa eta bakea lortu nahian, denon artean egitasmo bat egiteko. Baina denok ez ditugu normalizazio politikoa eta bakea berdin ikusten. Horregatik hainbeste denbora ezinean.

Dena dela, ez da herri arazo bakarra, arazoa ez da hauteskundeetako herri honen borondatea, herri honen kontzientzia eta sentiberatasuna baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak sakon nahasi duena.

Egia da orain arte emandako urratsek emaitzak eman dituztela, baina onartu beharra dago, egia baita, garai batean uste genuena baino latzagoa izaten ari zaigula autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia independentziaren antidoto gisa erabili duela botere menperatzaileak, aurreko “tresna guztiek” porrot egin da gero.

Bide beretik dator gaur PSOEk –agintera igotzeko– hainbeste “laguntza” behar izanak, bultzatzen duen mezu berria. Madrildik datorren oihu isilak dioenez, federalismoa “omen”, bai Katalunian, bai EAEn, barne eta kanpoko istiluak baretuko lituzkeen proposamena.

Beharbada onerako izan daiteke, baina baita beste urrats bat, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino tranpa hilkorra suerta litekeena, herri honetako askatasun aukerari begira.

Beraz, ez dago zalantzarik, denok nahi omen dugun egitasmo hori, konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada behintzat. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu, nekez inork ekarriko du normalizazioa eta bakea, herri honetara. Eta beldur naiz indar politiko euskaldun batzuk –gutxigatik bada ere– gaur indar gehien dutenak, bide horretatik doazela.

Eta ukaezina da, badituzte bere arrazoiak eta ez nolanahikoak. Orain arteko bidea jorratuz lortuko dute agintea berreskuratzea. Beraz, zerk egin dezake EAJren traineruak sekula egin ez duen ababorreko desbideratze erabakia?

Horrela bada, herriak eskertuko digu denoi, eskuindar eta ezkertiar abertzale guztioi. Hori horrela izatea lortuko bagenu, –zalantza handiak ditut– eta bide propio bat elkar jorratu, lehen, orain arte egin ez dugun eztabaida zintzoaren beharrean gaude.

Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik antzekotzat hartu, ez baita gauza bera “nahi eta ahal”. Nire ustez, horrela eginez, jartzen ahal dugu gure herri txiki hau, aspaldian merezi duen bezala, libre izateko bidean. Bestela, noren zain gaude, zertarako hainbeste urteetako sufrimendu latza?

Josu Iraeta, idazlea