argia.eus
INPRIMATU
Nahi dugunarekin eta nahi dugunean gelditzeko eskubidea dugu

Gasteizko Mugimendu Feminista 2020ko irailaren 09a

Gasteizen 17 urteko emakume bati egindako talde bortxaketaren aurrean, Gasteizko Mugimendu Feministak honako hau adierazi nahi du:

Lehenik eta behin, gure laguntza osoa eta elkartasuna eskaini nahi diogu erasoa jasan duen emakumeari. Guk sinesten dizugu, eta bakarrik ez zaudela esan nahi dizugu.

Salatu nahi dugu ere, zenbait hedabidek, hala nola El Correo-k, albiste horiei emandako trataera matxista. Horrek ez digu inolako mesederik egiten eta ez du indarkeria matxistaren aurkako borrokan laguntzen.

"Ez dugu inolako aitzakiarik onartuko, ez norekin gelditu garen, zeren bitartez, zer ordutan edota zein egoeratan gauden. Ezetz esaten dugunean, ezetz da"

Egunero indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzeaz nazkatuta gaude. 2020an jada sei sexu eraso gehiago erregistratu dira, eta horrek esan nahi du salatutakoaz gain, ziur asko beste asko ere egon direla. Emakumeok, bollerok eta transok eskubidea daukagu eta baliatu nahi dugu, espazio publikoan askatasun osoz mugitzeko, eguneko ordua, janzten dugun arropa edo edan dugun edo ez kontuan hartu gabe. Kalean askatasunez ibiltzeko eskubidea dugu erasorik jasan gabe. Ez gehiago ez gutxiago. Guk nahi dugunarekin eta nahi dugunean gelditzeko eskubidea dugu, azalpenak emateko beharrik gabe.

Modu berean, gure sexualitateaz libre disfrutatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu; aurreiritzirik gabe, moralitaterik gabe eta gure kontra egiten diren erasoen erantzukizuna gure gain utzi gabe. Alegia, eraso egiten digutenean ez dugu inolako aitzakiarik onartuko, ez norekin gelditu garen, zeren bitartez, zer ordutan edota zein egoeratan gauden. Ezetz esaten dugunean, ezetz da, eta gure hitzak balio bera izaten jarraitzen du. Dagoeneko nekatuta gaude baimendutako sexu harremanak izan diren ala ez entzuteaz. Emakume batek eraso bat salatzen badu, argi dago ez zegoela baimenik. Ez da beharrezkoa eztabaida ildo horretatik desbideratzea eta, berriro ere, gure hitza zalantzan jartzea.

Eta bukatzeko, erasotzaileen adinak larritzen gaitu. Horrek erne jartzen gaitu inoiz baino gehiago balio feministak eta borroka aldarrikatzeko. Emakumeok, bollerak eta transak aske izan ahal dugun Gasteiz feminista batean bizi nahi dugu, non gure bizitzaren jabeak izango garen eta nahi dugun sexualitatearen eredua izango dugun. Borrokan eta kalera ateratzen jarraituko dugu hori aldarrikatzeko eta lortu arte.

Erasorik ez erantzunik gabe! Gora borroka feminista!