Getxoko Itzubaltzeta auzoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakiaren eraistea oztopatzeko protesten ondorioz, giroa tenkatu zen pasa den astean. Igandean mobilizazioa egin zuten auzoan, eraistea geldi zezaten eskatzeko eta aurreko egunetako Poliziaren indarkeria salatzeko. Manifestazioaren biharamunean, Ertzaintzak Lope de Vega kalea itxi du eta eraisketa abiatu dute. Aurreko egunetan bezala, herritarrak bertaratu egin dira eta Poliziak kargatu egin du. Gutxienez pertsona bat atxilotu dute.
Astelehen goizean hasi dituzte Getxoko Itzubaltzeta auzoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakia eraisteko lanak. Hirukak informatu duenez, goizeko 06:30ak aldera hasi dira eraikina eraisten, eraistearen burutzea bermatzeko Ertzaintzak kalea itxi ostean. Alerta Gorria irratsaioko kideek bideoan jaso dituzte eraistearen irudiak:
?La Nagusien Etxea de Romo está siendo derribada bajo una fuerte presencia policial. pic.twitter.com/UntBlGw8Jb
— Alerta Gorria Irratia (@AlertaIrratia) February 20, 2023
Eraistea abiatu dutela jabetzean hainbat herritarrek bilkura egin dute, eta amaitutakoan Lope de Vega kalera jo dute gertatzen ari zena salatzera. Ertzaintzak horien kontra kargatu du, eta Hirukak informatu duenez, pertsona bat atxilo eraman dute.
Ertzaintza protestan ari zirenen aurka oldartu da eta hesiaren kontra zeuden pertsonak atera dituzte, gutxienez horietako bat atxilotuz pic.twitter.com/mzETnVhjHG
— Hiruka (@HirukaEus) February 20, 2023
Iraganean Gaztetxea eta Ibar Nagusien Etxea izandako eraikinaren tokian Belaunaldien Arteko Zentroa eraikitzeko asmoa dute Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, nahiz eta hainbat herritarrek kontrakotasuna adierazi. Ibar Nagusien Etxeko kideek, adibidez, denbora luzea daramate Nagusien Etxea bere horretan mantentzeko borrokatzen. Alabaina, udalak eraikinaren eskumena Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetara pasa zuen otsailaren 7an, eta astebeteko epean hasiak ziren eraistea prestatzeko lanak.
Eraistea gertu ikusirik, giroa tenkatu zen pasa den astean auzoan. Astelehenean eraiste lanak abiatu zituztela oharturik, asteartean hainbat herritar bildu ziren eraikinaren aurrean, lanak oztopatzeko asmoz. Goizak aurrera egin ahala, giroa tenkatu eta Polizia herritarrei oldartu zitzaien, atxilotu bat eta hamarretik gora zauritu eraginez –tartean Hiruka hedabideko kazetari bat–. Asteazkenean protestek segida izan zuten, eta protestan zegoen pertsona bat erietxera eraman behar izan zuten, Poliziak buruan zauritu ondoren.
Eraistearen aurkako mobilizazio jendetsuaren biharamunean hasi dira eraikina botatzen. Otsailaren 19ko igandez, eguerdian, hainbat herritarrek manifestazioa egin zuten Santa Eufemia plazatik abiatuta. Eraisketari ez, eguneko zentroa bai goiburu, eraikinaren eraisketa bakarrik ez, aurreko egunetan Poliziak egindako indarkeriaren erabilera ere salatu zuten. Naiz-ek jaso ditu manifestazioko zenbait adierazpen, eta horietan deitoratu egiten dute udal gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak errepresioarekin erantzun izana herritarrek kalean eta instituzioetan agertutako desadostasunari. Poliziak "gaizkile arriskutsu" gisa tratatu dituztela salatu dute, eta ez "beren eskubideen defentsan ari diren pertsona gisa". "Zahartze aktibo eta, zergatik ez, aktibista bat izateko adineko pertsonen eskubidea", kasu.
Gu bai intergenerazionalak izan da mobilizazioko beste goiburuetako bat, ulertzera emanez Belaunaldien Arteko Zentroaren beharrik gabe belaunaldi ezberdinek elkarbizitza egin dutela Lope de Vega kaleko eraikinean, eta protestetan ere belaunaldiartekotasuna agerikoa izan dela.