argia.eus
INPRIMATU
Nagore Laffage gogoan, eraso matxista, homofobo eta arrazistarik gabeko Sanferminak aldarrikatu dituzte
  • José Diego Yllanesek Nagore Laffage irundarra hil zuen 2008ko Sanferminetan, ezetz esan ziolako, joan nahi zuela erabaki zuelako. Aurten ere biktima omendu eta emakumeek erabakitzeko eta ezetz esateko duten eskubidea aldarrikatu dute Iruñean. Bizitzako eremu eta arlo guztietan berdintasunean gozatzeko eskubidea azpimarratu du Astelehen Moreak kolektiboak, baita jaietan ere.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 05
Astelehen Moreak kolektiboko kidea eta Asun Casasola Nagore Laffageren ama, omenaldian (argazkia: eitb)

Astelehen Moreak kolektiboak deituta, ekitaldian izan dira Asun Casasola Laffageren ama –alaba hil zutenetik haren memoria bizirik mantendu dadin eta indarkeria matxistaren aurkako urratsak eman daitezen borrokan dihardu–, instituzioetako ordezkariak eta hainbat kolektibo eta elkarte.

Laffageren kasua abiapuntu, 2022an indarkeria matxistak hildako emakumeak ere gogoratu dituzte, urte gogorra izan dela azpimarratuz. “Gizarte heteropatriarkala, arrazista eta kapitalista honek ez digu uzten pertsona bezala askatasunez hazten, eta horri aurre egiteko bide bakarra dago: berdintasuna eta feminismoa”. Nafarroan indarkeria sexualari erantzungo dion 24 orduko arretagune integrala eskatu dute.

“Sanfermin hauetan topera gozatu dezagun, bakoitzak nahi moduan, baina beti ere eraso sexista, homofobo eta arrazistarik gabeko harremanak oinarri”, adierazi du Astelehen Moreak kolektiboak.

Jaietan ere, ez ezetz da

Urte osoko desinhibitzearekin lotzen ditugu jaiak, dena dago baimenduta. Hala ere, muga batzuk markatzen ditugu, “baina badirudi emakumearen gorputza ez dela muga, besteen gozamenerako erakargarri bat baizik, desio iturri bat”. Hala adierazi ziguten Asun Casasola eta Oihana Etxebarrietak, jaiei eta indarkeria matxistari buruz egindako elkarrizketan. Nagore Laffageren kasuaz, alkoholaren eta drogen eraginpean egindako erasoak desenkusatzeaz, biktimaren jokabidea epaitzeaz eta jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko moduez aritu zitzaizkigun.

Garbi dute beraiek: gezurra dirudien arren, oraindik ere “ez” esateak ezetz esan nahi duela errepikatu beharra dago. Eta ezetza gainera edozein unetan iritsi daitekeela: “Ni oso gustura egon naiteke musukatzen, eta une jakin batean gehiago nahi ez izatea erabaki dezaket. Horraino egin beharko du orduan besteak, ezetz erabakitzeko eskubidea duelako norberak, eta hori errespetatzeko betebeharra besteak”.

Helena Tabernak zuzendutako Nagore dokumentalak jasotzen du hilketa eta ondorengo epaiketa.