Jende andana bildu da astelehenean gazte irundarrari egindako omenaldi ekitaldian. Aurten, hamaika urte beteko dira Giego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik.
2008ko Sanferminak hilketa matxista batek kolpatu zituen: Diego Yllanesek Nagore Laffage Casasola gaztea hil zuen. Gertakari lazgarriaren hamaikagarren urtemuga gertu izanik, hainbat izan dira Laffage omendu asmoz astelehenean Iruñeko Kondestable jauregira gerturatutako norbanakoak. 11 urte Nagore Laffageren erailketaz, justizia eta konponketa lemapean oroitu dute gazte irundarra honen senideek, Lunes Lilas kolektiboak, ordezkari politikoek eta beste hainbeste pertsonek.
Asun Casasola, Nagore Laffage Casasolaren amak, hitza hartu zuen. Apurka-apurka aurrerapausoak ematen ari direnaren ustean, kalera irten eta berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu zuen: “Geldo doa, nahiago nuke azkarrago izango balitz, baina behintzat La Manadaren biktimak justizia izan du”. “Denon artean jendartea aldatu behar dugu, emakume zein gizonek kalera irten eta gozatu ahal dezaten”, adierazi zuen.
Ekitaldian parte hartu zuen Helena Tabernak ere, Laffageren hilketa kasua ardatz duen Nagore dokumentalaren zuzendariak. Orain astebete jakinarazi zuenez, uztaileko lehen hamabostaldian filma sarean ikusgai jarriko du, proiekzio publikoetarako aukera erraztu asmoz. Zuzendariak adierazi duenez, Laffageren hilketaren zein Sanferminetako talde bortxaketaren gaineko hausnarketa bultzatu nahi du.