argia.eus
INPRIMATU
Nafeez Ahmed: “Estatu Islamikoaren kontrako Frantziaren gerra hau broma ustel bat da”
  • Nafeez Ahmed (Britainia Handia, 1978) ikerketako kazetari eta Ekialde Hurbilean aditu ezaguna da. The Guardian egunkarian aritu ondoren, gaur Insurge Intelligence gunean ari da, bere blog pertsonala ere baduelarik. "NATO is harbouring the Islamic State" (OTANek babesten du Estatu Islamikoa) analisia plazaratu berri du, azpitituluan dioena: "Zergatik Frantziak EIren kontra hasitako gerra harroa den broma ustel bat eta iraina Parisko erasoaren biktimei". Pasarte bat euskaratu dugu.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 27a

"Estatu Islamikoa, hitz gutxitan, sustatu dute ustez Mendebaldearekiko lagunak ziren errejimen musulmanek, hauek EIren kontrako koalizioan dauden arren. Horrek garamatza galdetzera ea zergatik François Hollande eta Mendebaldeko beste liderrek EI 'suntsitzeko' behar den guztia egiteko prest daudela esanez, aldi berean saihesten duten faktore guztietan garrantzitsuena: EIren azpiegitura materiala antolatu dela Arabiar Golkoko eta Turkiako estatuek erakunde islamistei ematen dieten sostenguaren baitan.

Esplikazio bat baino gehiago daude, baina bat da sendoena: Mendebaldea terrorea sustatzen duten errejimen musulmanen mende dagoela, batik bat Ekialde Hurbilean, Mediterranoan eta Asiako Erdialdean dauden petrolio eta gasak eskuratzeko.

Gaur ikusten ari garen estrategietatik gehienak 2008an xaloki azaldu zituen AEBetako Armadak ordainduta RANDek egindako Unfolding the Future of the Long War agiriak. Hartan esaten zenez 'herrialde industrializatuetako ekonomiek segituko dute oinarritzen hein handian petrolioan, hau baliabide estrategikoa bihurtuz'. Petrolio gehiena Ekialde Hurbilean ekoiztuko denez, AEBek 'motiboak dituzte Ekialde Hurbileko estatuekin harreman onak edukitzeko'. Gertatzen dena da estatu horiek terrorismo islamista sostengatzen dutela".