Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege berria aintzat hartuta, gobernuko Lan Ministerioak Felix Huarteri (Iruñea, 1896-1971) emandako Lanarekiko Merituen Domina kendu dio, hain zuzen ere argudiatuta enpresariak frankismoarekin lotura estua zuela. Unidas Podemosen izenean, Yolanda Diaz-ek zuzentzen du ministerioa.
PSNk gidatzen duen Nafarroako Gobernuak, ordea, Elma Saiz gobernu eledunak azaldu duenez, ez du arrazoirik ikusten UPNko Yolanda Barcinaren gobernuak enpresariari 2014an emandako Urrezko Domina kentzeko. Foru Gobernuaren sari gorena da aipatu domina, Huarteri eta Jose Javier Urmenetari eman zitzaien, XX. mendeko 60ko hamarkadan giltzarri izan zirelako Nafarroaren industrializazioan.
Saiz eledunak aipatu duenez, ez zaio erretiratuko domina Huarteri, saria “modu kolektiboan” egindako lanagatik eman zitzaielako. Azaldu duenez, memoria legeari begira, gobernuak eskatu zion Nafarroako Unibertsitate Publikoari erkidegoan Frankismoarekin harremana izan zuten pertsonen zerrenda egiteko, eta hor ez daude ez Huarte, ez Urmeneta.
Jadanik 2014an, sari emate hau oso polemikoa izan zen eta oposizio guztiak –PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta I-E– eskatu zion gobernuari ez emateko sari horiek. Orain gobernuan dagoela, ordea, PSNk ez du egokia ikusten domina erretiratzea.
Ikuspegi askotatik begiratuta, aldiz, datu asko daude esateko Felix Huartek lotura estuak izan zituela Frankismoarekin. Lanaren Merituaren saria eman zitzaion, 1964an Nafarroako Diputazioko lehendakariordea zela, Industriaren Sustapenerako Programa abiarazi zuelako. Ahots askok salatu dutene, programa horretan diru publikoa nahi zuen bezala erabili zuen atzerriko industria Nafarroara erakartzeko eta, bide batez, horrekin bere lantegiak gizentzeko.
Nafarroaren industrializazioaren errelatoa eraikitzerakoan, UPNk eta eskuinak lehen lerroan jartzen dute Huarte, bera izan zelakoan lurraldea nekazaritzatik industrializaziora eraman zuen gizona, baina askok jarri dute hori zalantzan, eta beste askok zuzenean ukatzen dute, Nafarroaren industrializazioa, Espainian gertatzen zen legez, 50eko hamarralditik zetorrelako. Jose Javier Saralegi izan zen aipatu programa industrialaren zuzendari teknikoa, eta El Corralito Foral liburuan azaltzen denez, hala zioen hark: “1960an industrializazioa bazetorren Nafarroara, bakarrik haren bila atera behar zen”. Orduko Nafarroako enpresen %4k jaso zuen diru-laguntzen %70, eta horien artean hainbat Huarte taldekoak ziren.
Huartek 1927an ekin zion enpresari bide arrakastatsuari, enpresa eraikitzaile batekin. 36ko Gerraren aurretik, bazituen jada 1.200 langile eta II. Errepublikan ere negozio oparoak egin zituen. Horrek ekarri zizkion hainbat arazo frankismoaren hasieran, baina laster erakutsi zion, kemenez gainera, bere leialtasuna Franco diktadoreari. Frankismo denboretan kontaezinak dira erregimenerako egin zituen lanak, besteak beste hainbat ministerio, baina agian horietatik esanguratsuena frankismoaren ikur izan den Erorien Harana da, non bere enpresak milaka preso errepublikarren esku-lan esklaboa erabili zuen.