argia.eus
INPRIMATU
Nafarroatik desagertutako taila bat enkantean jarri dute New Yorken
  • 10.500 euro baino gehiago ordain ditzakete Nafarroatik desagertu zen taila bategatik New Yorken egingo den enkante batean. Naizek argitaratu duenez, Miguel Etxauri Fundazioak dirua eskainiko du taila Nafarroara ekarri ahal izateko.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 26a

XX. mende hasieran desagertu zen taila Getze Ibargoiti herritik (Nafarroa). 1929an agertu zen, New Yorkeko arte merkatu batean. Minnesotako enpresari aberats baten emazteak erosi zuen, eta urtarrilaren 26an jarriko dute enkantean New Yorken. Emilio Quintanilla Miguel Etxauri Fundazioko kideak adierazi duenez, eskultura Iruñera ekartzen saiatuko dira.

Taila egur urreztatuaz osatuta dago, 90 zentimetroko altuera du, XIII. mendekoa da eta Ama Birjina eta Jesus irudikatzen ditu. Minnesotan eduki dute jabeek orain arte, eta enkante publikoan saltzea erabaki dute, Sotheby’s etxearen bidez.     

Adituek aintzat hartu dute tailaren kalitate artistikoa, eta bere egunean inportantzia handikoa izan zela pentsatzen dute. Oraindik ez dakite nork enkargatu zuen eskultura egitea. Baina azaldu dutenez, Iruñeko Katedralak edota monasterioek baino ezin zituzten ordaindu horrelako obrak.

Miguel Etxauri Fundazioak iragarri du taila berreskuratzea lortzen badu Iruñeko Alde Zaharrean duen lokalean erakutsiko duela. Horrez gain, prest agertu da eskultura Getze Ibargoiti herriari uzteko denbora batez.

Cristina Altuna UPNko bozeramaileak Nafarroako Gobernuari eskatu dio taila erosteko. Ondare historikoaren arduradunek erantzun dute zerbitzu hori ez dagoela euren esku.