Apirilaren 30ean Baigorrin ospatu zen Nafarroaren Egunean emakume batek sexu erasoa jasan zuen. Egun hau antolatzen duen Basaizea elkarteari jakinarazi zion emakume honek eta elkarteak manifestazioa deitu du Baigorrin, maiatzaren 14rako.
Basaizea elkarteak sare sozialetan zabaldu duen oharrean "sustengu osoa" erakutsi dio "eraso sexista pairatu duen eta salatzeko indarra ukan duen" emakumeari. Nafarroaren Eguneko gauean jaso zuen erasoa emakume honek.
Basaizeak adierazi du "kexu handiz" hartu duela "berri larri hau": "Nafarroaren Eguna besta bat da, elkarren arteko errespetuan iragan behar lukeena, berdintasunean eta segurtasun osoz bizi behar genukeena. Edozein motatako erasoak onartezinak dira eta gertatu denari erantzun azkar bat eman behar zaio, horrelakorik berriz gerta ez dadin".
Manifestazioa 11:00etan abiatuko da Baigorriko Herriko Etxetik.