argia.eus
INPRIMATU
Nafarroaren Eguna Baigorrin: jendea mendian gaindi herria bere bidean
  • Nafarroaren Eguna igande honetan, apirilaren 30ean, Baigorrin. Zenbatgarren ote ekitaldia? Zenbat izaten dira bertaratuak? Zenbakiek ez dute munta, jendeak konta du. Basaizea elkarteak “Kartsuki, alaiki, herria eraiki!” deiadarra egin du honezkero.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko apirilaren 28a
“Kartsuki, alaiki, herria eraiki!” leloari beste lema bat erantsi diote antolatzaileek “Eraso sexistarik ez!”.

Usaian  berean, egunaren abiaburuan baigorriarek Tafallako herritarrei harrera berezia eginen diete. Urtero bezala jendeak plaza nagusia hartuko du goizdanik. Egitarauak askotariko ekimenak iragarri ditu. Aurten Kartsuki, alaiki, herria eraiki!, leloari beste lema bat erantsi diote antolatzaileek “Eraso sexistarik ez!”. Belaunaldi anitz bildu ohi da Herriko Etxeko plaza aitzinean, eta aldarria jende guztiei helarazi nahi diete antolatzaileek.

Basaizeako elkarteko kide Amaia Castorene honela mintzatu zen Egunaren aurkezpenean: “Kultura eta hizkuntza sustatzeko baliabide gehienak guk erdietsi ditugu, herritarrok. Instituzioen beha izan ohi gara euren ezagupena ukaiteko eta proiektuak eraikitzeko, alabaina, funtsean, guk geuk herritarrok egin behar izaten dugu".

Eraso sexistarik ez!

Konparazionera, Eraso sexistarik ez! aldarria lelo hutsean gera ez dadin, antolatzaileek urte osoan izaten diren eraso sexistak ekiditeko moldeak sustatu nahi dituzte jai egun honen karietara. Gaiaz eztabaidatzeaz gain, hainbat ekimen zehatz jarri nahi dute abian, film proiekzioak eta eztabaidak besteak beste. Hau da, “gai minbera hau itzaletik ateratzen lagundu nahi dute” baigorriarrek.

“Alaiki" elearekin, baigorriarrek “lan horretan plazera hartzen” dutela erakutsi nahi izaten dute: “Eginkizun horretan bat egiten dugu”. Azken hilabetetan gizarteak sustatutako desmartxek lema nagusiari haizutasuna eman dio, diote Basaizeako kideek

Nafarroaren Eguna, egun bat baino gehiago da ordea, bai espirituz bai egitez. Iragan asteazken honetan, eskualde bereko Ortzaize herrian gizarte zibilaren engaiamenduari buruzko gogoeta eztabaida egin dute,lema osoaren  “herria eraiki” zatiari zentzurik eman aldera. Mizel Bergouignan (Bakegileak), Angel Oiarbide (Gure Esku Dago), Begoña Uharte (Ongi etorri errefuxiatuak) eta Dominique Amestoy (ELB-Lurzaindia) jardun dira mahai-inguruan.

Urtero legez, Tafallarekin bat

Ebiakoitzean –larunbatean, eskualdeko artistak  Baigorriko elizan bilduko dira, 21:00etan. Sinfo Niko gaualdian iragan bi urteetan abiatutako ekimenari amaiera eman nahi diote hainbat musikarik. Errepertorio klasikoa eskainiko dute orkestra sinfonikoak lagundurik.

Edonola ere, egitarauan gustu guztietako eskaintzak daude. Musika estilo anitz entzunen dira Baigorrin gaindi. Jai giro horretan, besteak beste, Tafallako lagunak izanen dira, Baigorrirekin senidea den hiriko herritarrei leku berezi izaten baitute Nafarroaren Egunean.

Autengo edizioaren kartela