argia.eus
INPRIMATU
Nafarroaren Eguna apirilaren 30ean izango da eta Kulturaldia 13tik 29ra
  • Nafarroa osoko herritarren arteko harremanak estutzeko egunak ohiko tradizioarekin jarraituko du aurten ere, eta giroa berotzeko aurreko asteetan osatzen den egitarauan, kultur ekitaldi ugari antolatu dira.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 23a

Basaizea kultur elkarteak antolatzen du Nafarroaren Eguna eta, iragarri duenez, beti antzera egingo da Baigorrin, baina aurtengoan gazteei arreta berezia eskainiko diete. Ekitaldiak ohikoak izango dira, baina horiez gain, arratsaldean bertso saioa ere egingo da 15:00etan Beheko Plazan, Aitor Etxebarriazarraga, Joanes Illarregi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin.

Musikan ere ahalegin berezia egin dute gazteei begira eta kontuan hartuta hurrengo eguna jai dela, Maiatzaren Lehena, 21:30etatik aurrera jardungo dute Janus Lester, Willis Drummond, Dupla eta DJ Üzkülüz. Arratsaldez, halaber, Broken brothers brass brand-ekoak ere arituko dira animazio lanetan Baigorriko kaleetan. Ohi bezala, goizeko desfilea, ekitaldia eta bazkaria ere izango dira. Basaizearen ondoko argazkian ikus daitezke programaren xehetasun guztiak.

Nafarroako Eguna toki segurua izan dadin arreta berezia jarri dute antolatzaileek. Iaz gauean sexu eraso bat izan zela salatu zuen emakume batek eta aurten, “behar diren baliabideak ezarriak izanen dira horien saihesteko". Erasorik gertatuko balitz, edonola ere, "erantzuteko berehalako neurriak” hartuko liratekeela zehaztu dute Basaizeako webgunean.

Kulturaldia

Kulturaldiko ekitaldiak apirilaren 13an hasiko dira, Urepeleko Amerikanoenian, Azken dantza maisua dokumentalarekin. 14an Baigorriko Bil Etxean Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerpenari buruzko Bolante baten historia dokumentala eskainiko da, eta haren bidez, omenaldia egingo zaio duela 40 urte desagerrarazi zuten Iparrarretarrak-eko kide Popo Larreri. 15ean, 11:00etan Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek Bidea da borroka komikia aurkeztuko dute Ortzaizeko Menta liburu-dendan.

23an Baigorriko Bil Etxean Intxaurra antzezlanaren txanda izango da Mairu konpainiaren eskutik, 18:00etan. Apirilaren 28an Alduden Francoren mende kantatzen genuenean liburua aurkeztuko du Colette Larraburuk Alfaroinian. Azkenik, Tartean taldearen Ez dok Hiru antzezlanak itxiko du ekitaldi andana 29an, Baigorrin.

Nafarroaren Egunaren aurtengo afixa