argia.eus
INPRIMATU
Nafarroaren azken hiriburua izandako Donapaleun, nafar independentziaren galera mintzagai larunbatean
  • Nabarralde Fundazioak, Zabalik Elkarteak eta Hernani Errotzenek 1620, Nafarroako Lo(r)aldia programa antolatu dute, urriaren 3an Donapaleun abiatuko dena. Urte hartan Nafarroako eta Frantziako erresumak bateratu zituen ediktua sinatu zen Louis XIII.ak eta han galdu zen antzinako Nafarroako erresuma independentearen azken burujabetza arrastoa. Garai hartan eta ia ehun urtez Nafarroa Behereko Donapaleu izan zen Nafarroako koroaren hiriburua.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 01a
Donapaleuk eduki zuen bere hiriburua Nafarroako erresumak 1512ko konkista ostean. Irudian, Donapaleun 1590an fabrikatutako moneta.

Duela 400 urte, Nafarroako eta Frantziako erresumak bateratu zituen ediktua sinatu zen, 1620an, "Nafarroako garai kultural oparoenaren amaiera eragin zuen gertakari historikoa" 1620, Nafarroako Lo(r)aldia programa antolatu dutenen esanetan. "1620an, duela 400 urte, ziklo historiko bat itxi zen: Nafarroako kulturaren garairikloriatsuena, aberatsena eta garaiena. Garai laburra izanagatik ere kulturalki emankorrena izan zen baina, tamalez, gertaera politiko jakin batekin eman zitzaion itxiera: Paueko ediktua, Frantziako Luis XIII-aren eskutik iritsi zena. Ediktu honen bitartez Nafarroa Frantziako koroarekin bateratu zuen erregeak, eta gure lurraldeak bere subiranotasuna behin betiko galdu zuen". Garai oparo hura ahanzturatik ateratzeko helburuz osatu dute "Nafarroako Lo(r)aldia" egitaraua a urriaren 3ko programa izenburutzat daramana "Nafarroako Lo(r)aldia" Nabarralde Fundazioak, Zabalik Elkarteak eta Hernani Errotzenek.

Hasiera batean antolatzaileen asmoa zen ekitaldiak Donapaleuko Bideak kultur zentro berrian burutzea. Bideak kokatuta dago fraide frantziskotarrek luzaz han edukitako komentuan eta sinbolismo handia dauka Amikuzeko eta Ipar Euskal Herriko euskaltzale eta abertzaleentzat, han aterpetu zirelako Euskal Herri osotik iritsitako euskaldunak eta euskal kulturaren gune garrantzitsua izan zelako. Baina COVID-19ak ekarritako baldintzek behartu dituzte hitzaldiak Donapaleuko zinemara eramatera eta bazkaria ere herriko ostatuetan.

 

Nafarroako erresumak Iparraldean bizi izan zuen bere hilzoria XVI. mendean. Gaztelak indar militarrez 1512an burututako konkista Nafarroa Beherean barna ere sofritu zuten eta, horregatik, "Deskonkista eguna" izeneko ekitaldia antolatu zuten Amikzen bertan 2012an, haren laugarren mendeurrena ospatzeko. Gertakizun haren oroigarri bat ere ipini zuten Garruze herrian, Gaztelako tropek konkistaren estakuruz hura erre zutela eta. Larunbateko ekitaldiaren aurkezpenean Jean Louis Davant idazle eta historiagileak esan zuenez, Iparraldea eta bereziki Nafarroa Beherea izan dira Nafar estatu eta koroarekin fidelen jokatu duten lurraldeak:

Larunbatean, urriak 3, goizetik hasita Jean Louis Davanten sar-hitzaren ostean mintzatuko dira Alvaro Adot, Luis M. Martinez de Garate, Amaia Nausia, Xabier Irujo, Thierry Issartel, Mique Joseph, Eneko Bidegain eta Iñaki Luzuriaga. Bazkalondoan inauguratuko dute "Nafarroako Errenazimendua" erakusketa, Asisko Urmeneta marrazkilariak zuzendu eta komisariatu duena, Donapaleun estreinatu ostean Euskal Heriko hainbat hiritan erakutsiko dena. Eguna Donapaleun gaindiko bisita gidatu batekin eta Asisko Urmenetaren "Kale barroka" antzekiarekin amaituko da.

Donapaleu hiria, Amikuzen.