argia.eus
INPRIMATU
“Nafarroaren atea”: eskultura proposamena Donapaleutik
  • Hona sorpresa, nehork gehiago ia gogoratzen ez duenean, Aiziritze edo Behaskanetik Donapaleun sartzeko inguragunean eskultura berritzaile bat ikusi dugu San Martineko asteburu honetan.

Zabalik Elkartea @@zabalikelkartea 2018ko azaroaren 12a

Inguragunea egin zenean, gure hautetsi departementalek aipatu zuten bai, Nafarroaren atea sinbolisa zezakeen estatua baten ezartzeko asmoa. Halako portika handi bat ikusten zuten, eta egia da rotondaren neurriak aski handiak direla holako gauza erraldoi baten hartzeko. Ez zen egin, agian diru eskasa, edo aliantzek ez funtzionatu, eta egia da ere 2x2ren garaiak agortu zirela, Nafarroa Garaiarekilako inguragunez-inguragune egin beharreko harremana, gure banderako hainbat katebegiren gisara, ahanzturaren leizeetara erortzeraino.

Baina, errekak galtzen direnean bezala, berriz agertzen dira nonbait, gutienik uste den lekuan eta mementoan, eta ideia hoberenek beti izaten dute aski legitimitate, bestelakoturik bada ere, berriz mahain gainera agertzeko. Horrela ulertzen dugu ezezagun bat(zu)ek egiten digu(te)n proposamena asteburu honetan.

Baina, proposamena, ‘Nafarroaren atea’ sinbolisatzeko aski ederra, aproposa, ulergarria ote dea? galdeginen duzue segidan gurekin batera. Baiezkoarekin gaude, ezen ateak sartzeko bezainbat jalitzeko eginak dira, eta gailu berezi horrek biak iradokitzen ditu bere gisan: jalitzea eta sartzea. Gainera Nafarroa eta nafartartasuna gu intimoena dela ez dezagun ahantz, gure erraietan dantzan dabilen entitatea eta gutienik uste dugunean bere presentzia oroitarazten diguna, edozein izanik ere memento hartako jarduna, ezin dena luzaz gerorako utzi, beharrordu bital guzien gisara.

Bai oso egokia iduritzen zaigu eta gainera ez dakigu keinu ironiko bat bezala hartu behar den, baina egilearen (egileen) anonimatoak nafartar populuaren ideiarekin bat egiten du harrigarriki, ezen, zer gira, ez bada herri inanimo bateko partaide giren anonimo multzo bat? Konjonkzio ederra zinez.

Bada halere galdera bat dilindan gelditzen dena. Proposamena aski tamaina ‘humanoan’ egina da, baina egilearen (egileen) asmoan nolakoa izanen liteke emaitza definitiboa? Denboran, Nafarroaren atearen ideia erne zen hautetsi haien buruan, tamaina handikoa ez, erraldoiko estatua bat ikusten zuten –inguragunearen beraren edo agian beraiek beren pertsona ikusten zutenaren heinekoa–. Baina, zilegi bekit hemen dudaño batez gure artista(k) hertsatzea: sekulako dirutza galdeginen du horrek, eta orain aski komuna denez, crowfunding baten peskizan ginateke. Kasu! Ez lukete Nafarroak beharrezkoak dituen beste proiektu egituratzaileek patitu behar diru galde konkurrente hau, garbiki errateko, ez zaigu iduri Etxauziaren xedea, zeina oraino diru beharretan dena, kenka txarrean uzteko arriskuan ezartzea ideia ona denik, zonbat nahi Nafarroak beharrezkoa izan gurea bezalako ekarpen sinboliko, libratzaile eta ongarria.

Azken duda, estrenarena. Egileak (egileek) anonimotasunean luzatu behar balu(te), hor ere mezua argia. Utikan xingola xuri-urdin edo xuri-gorri-berdeak! Utikan hautetsi eta prefeten palto gris eta papatta ziratuak! Utikan diskurtso prebisible eta aperitifa ipurdi tinkiak! Argi da orain, zuk estreinatuko duzu! Zuk, nik, guk, haiek, denek! Nafarroako populuak! Irudika dezagun hondarrean ze estatutan gauden!