Sustrai Erakuntza Fundazioak Nafarroarako Tren Publiko eta Sozialaren (TPS) proposamena aurkeztu du astelehenean Iruñeko Civibox Condestablen. Gaur egungo trenbide baliabideak aprobetxatu eta hobetzean oinarritzen da proposamena.
Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren edo Prestazio Altuko Trenaren (AHT/PAT) alternatiba proposamena egin du Sustrai Erakuntzak. Oraingo tren sarean oinarritzen da eta jasangarriagoa eta merkeagoa izango litzateke, haien esanetan.
Tren sozialaren abantailen artean energia kontsumoa beste garraiobide batzuena baino txikiagoa izatea, lurraldean duen eragina txikiagoa –jada eraikia dagoelako– eta eskualdeen, herrien eta hirien arteko lotura ahalbidetzea lirateke, Sustrairen arabera. Kontsumitzen duen energia jatorri berriztagarrikoa izan daitekeela proposatu dute ere.
Salatu dute gaur egungo tren sarea hobetzeko aukera orain arte ez duela gobernu bakar batek ere aztertu eta ez dela inolako jendarte eztabaidarik izan existitzen diren aukeren gainean.