argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan zentral eolikoek 8.900 hegazti baino gehiago hil dituzte
  • Sustrai Erakuntzak Bioaniztasuna Nafarroan, galtzeko arriskuan den bizi-baliabidea txostena kaleratu du. Bertan irakur daitezke Nafarroako Gobernuak 2021eko iraila bitarte jaso dituen datuak. Sustrai Erakuntzak nabarmendu du kopuru horiek gutxienekoak direla, haize erroten inguruan zenbatu diren gorpuei baitagokie. Hildako kopuru erreala handiagoa dela dio, erortzen diren lekuaren arabera hainbat hegazti eta batez ere saguzarren gorpuak aurkitzea oso zaila delako, edo hil orduko harrapariek eta piztiek jaten dituztelako. Gainera, datu hauei gehitu beharko litzaizkieke zentral eolikoekin batera hedatzen diren tentsio altuko eta ertaineko kableek eragindako hildakoak.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko maiatzaren 10
Cavar zentral eolikoa. 2020an eraiki berria izanik, urte bakarrean 37 espezietako 206 heriotza zenbatu dira bertan. Argazkia: Iberdrola.

1998-2021 artean guztira hildako 8.961 hegazti eta saguzar zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Gorpu horiek 158 espezietakoak dira.

Arreta ematen du Cavar zentral eolikoak, 2020an eraiki berria izanik, urte bakarrean 37 espezietako 206 heriotza zenbatu baitira bertan. Valtierra eta Cadreita artean dago, eta eraiki aurretik herritarrek ohartarazi zuten Bardeetatik gertu egonik eta hegaztien pasaleku izanik, kaltea eragingo zuela.

Miru gorria: babestutako hegaztien artean kaltetuena

Nafarroan galtzeko arriskuan izendatutako hegaztien artean, miru gorria da haize errotek gehien hil duten espeziea: 98 zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Zaurgarri izendatutakoen artean Naumann belatza da haize erroten kalte handiena jasan duena: 36 gorpu zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Hegazti espezie guztien artean sai arrea da haize errotek Nafarroan gehien hil dutena: 3.359 hilotz zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Niri zer axola zait gure mendian zomorro hori desagertzen bada?

Hori da herritar askoren galdera. Hemen, Aitor Leiza Itsas Enara elkarteko kideak eta Aitziber Sarobe biologoak emandako erantzunak.