argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan urtean 1.300 emakume artatzen dituzte haien aurkako indarkeriagatik
  • Nafarroako Gobernuak martxan dituen Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Biktimentzako Arreta Osoaren Taldeek 911 emakumeri eta 60 seme-alabari eman diote zerbitzua urte hasieratik irailera arte: 2020an epe berean baino %23 emakume gehiagori eta %11 seme-alaba gehiagori. Berriozar, Tutera, Lizarra eta Tafallan daude eta Nafarroa osoari ematen diote zerbitzu, Iruñeari ezik, honek bere zerbitzua baitauka, aparte. Iruñeakoak urtean 300dik gora emakumeri ematen dio arreta.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 16a
Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kudeatzailea, indarkeria jasan duten emakumeei eman zaien arretaren datuak azaltzen.

Arlo soziala, juridikoa, hezkuntzakoa eta psikologikoa lantzen dute bertan eta arreta hau jasotzeko ez da beharrezkoa salaketa jartzea. Emakumearen egoera administratiboa edozein dela ere, artatu egiten da.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, zerbitzua jaso duten emakumeen %99k dio asko hobetu dela bere egoera artatua izan ostean eta beste emakumeei gomendatzen diela zerbitzua.

Aurreko urteetako bilakaera

2020an 739 emakumeri eman zioten zerbitzu hauek arreta, 2019an 1.060ri eta 2018an 963ri. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kudeatzaile den Eva Isturizek azaldu duenez, "pandemiak eragin zuen emakume gutxiago gerturatu ahal izatea talde hauetara, nahiz eta uneorko telefono bidezko arreta eman genuen".

Alde anitzak lantzen dituzten zerbitzu hauek 2010eko hamarkadan jarri zituen Nafarroako Gobernuak martxan, eta urtean 1.000 inguru emakumeri ematen diote arreta. Hauei gehitu behar zaizkie Iruñeko Biktimen Arretarako Bulegoak urtean artatzen dituen 300 inguru emakume.

Aterpe zerbitzuak ere gora

Biktimei aterpe emateko zerbitzuak ere gehiago erabili dira aurten: urtarriletik irailera 221 pertsonak hartu du ostatu larrialdi, aterpetzeko etxe eta erresidentzia pisuetan, aurreko urtean baino %30 gehiagok.

Salaketak ere gora

Poliziaren aurrean jarritako salaketak hazi egin dira 2015etik. Urte horretan 1010 jaso ziren, 2019an 1.335, 2020an 1.549 (%16 gehiago) eta aurten urte hasieratik iraila arte 1.213, ia aurreko urtean epe berean jaso zirenen parean (1.203 jaso ziren iaz). Jarritako salaketen %75 indarkeria fisiko edo psikologikoagatik dira eta kasuen %71n erasotzaileak 30 urte baino gehiago ditu.