Nafarroako Gobernuak presoekin lan egiten duten erakunde sozialen mahaia sortu du, Iruñeko espetxean zigorrak betetzen dituzten presoen baldintzak hobetzeko. Hamabi eragile ezberdinek osatuko dute "Espetxe Mahaia".
Astearte honetan bildu dira lehen aldiz Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilaria, eragileak eta elkarteak "Espetxe Mahaia" eratzeko bileran. Nafarroako presoekin lan egiten duten erakunde sozialen eta elkarteen parte-hartze gunea izango da.
Bileran mahaiaren oinarriak zehaztu dira. Helburu nagusia kontsultarako eta parte hartzeko organoa sortzea da Iruñeko espetxean zigorrak betetzen dituztenen baldintzak hobetzeko. "Presoen eguneroko errealitatera are gehiago hurbiltzea, arazoak eta beharrak bertatik bertara ezagutzea eta gizarte erakundeekin adostutako konponbiderako bideak eskaintzea", ekarriko duela adierazi du kontseilariak.
Kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako presoekin lan egiten duten elkarteak izango dira mahaian, besteak beste, osasunaren zaintzan, droga-menpekotasunen prebentzioan eta arreta psikologiko edo terapeutikoan aritzen direnak.
Guztira hamabi eragilek osatuko dute mahaia: ACOAD, ANTOX, Zuria eguneko zentroa, Pobreziaren eta GIzarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea, Gaztelan, La Majarí, Salhaketa, Sare VIH, SOAPJN, Pastoral Penitenciaria, Gizakia Helburu eta Mediación Navarra.