Ostalaritza guneen itxiera gauerdiko hamabiak arte atzeratuko da, eta kirol eta kultur ekitaldietan baimendutako edukiera handitu. Ipar Euskal Herrian eta EAEn ere malgutuko dituzte neurriak.
Nafarroako Gobernuak, ekainaren 18tik aurrera, neurri berriak ezarriko ditu ostalaritzan eta beste hainbat sektoretan. Ostalaritzaren ixteko ordua gaueko hamaiketatik gauerdiko hamabietara arte atzeratuko dute, eta edukiera %30etik %50era igo. Kultur jardueretan, berriz, aforoa %60koa izango da. Erabaki horiek uztailaren 1era arte egongo dira indarrean.
Irekiera ordu betez luzatzeaz gain, taberna eta jatetxeetan sei pertsona egon ahal izango dira mahai bakoitzean. Haien artean 70 zentrimetroko segurtasun tartea errespetatu beharko dute, eta beste mahaien artean, bi metroko distantzia. Hoteletan, berriz, gune komunen gehienezko edukiera %60koa izango da, eta ekitaldi bereziak —ospakizunak, jaunartzeak, batailoak ezkontzak...— antolatzen dituzten establezimenduetan 50 pertsona egon ahal izango dira barnealdean eta beste 100 kanpoaldean.
Liburutegietan, museotan eta erakusketa geletan ere %60koa izango da aforoa, eta gehienez, 300 lagun bildu ahalko dira. Zinemetan, antzokietan eta auditorioetan, bestalde, aldez aurretik esleitutako eserlekuak izan beharko dituzte hurbiltzen direnek. Kultur ekitaldi horiek hamabiak arte antolatzen ahalko dira.
Kirol jardueretan publikoa baimenduko da, %50eko gehienezko edukierarekin. Barnealdean, 300 pertsona egon ahalko dira, eta kanpoaldean, 600. Piszinak gaueko hamarrak arte irekiko dira, eta %60ko edukiera izango dute, aldagela eta dutxetan izan ezik (%50 izango da muga).
Beste sektore batzuetan ere aldatuko dira baimendutako edukierak. Akademietan eta arautu gabeko ikasketa zentroetan %60 izango da aforoa, eta peñetan eta elkarte gastronomikoetan, berriz, %40. Erabilera anitzeko espazioak %50ean okupatu ahalko dira, bingoak, joko-aretoak eta antzekoak bezala.
Ipar Euskal Herrian, gaurtik aurrera ez da beharrezkoa izango kanpoaldean musukoa erabiltzea, jende pilaketak egoten diren leku gutxi batzuetan (azokak edo kirol ikuskizun zehatzak) ez ezik. Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Urkullu lehendakariak ekainaren 18rako deitu du LABI, datorren astelehenetik aurrera neurriak malgutuko dituzten erabakitzeko: establezimenduak gaueko ordu bata arte irekitzea, ostalaritzako mahaietan 6 pertsona bildu ahal izatea, 'txokoak' zabaltzea eta kirol jardueretan publikoa baimentzea, besteak beste.