argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan osasun publiko duinaren aldeko elkarretaratzeak egingo dira
  • Nafarroako osasun sistema publikoak dituen arazoak salatzeko protestaldiak antolatu ditu Nafarroako Osasun Plataformak herrialde osoan. Maiatzean eta ekainean zehar, asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte osasun etxeen aurrean.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 03a
Asteazkenero egingo dituzte elkarretaratzeak herrialde guztian.

Hala adierazi zuen Plataformak atzo Sanduzelaiko Begoña García osasun etxean egin zuen agerraldian. Elkarretaratze horietan, osasun sistema publiko duina defendatzeaz gain, Nafarroan alor horretan pairatzen ari diren arazoak salatuko dituzte. Goizeko 10:00ak eta 11:00ak artean egingo dituzte, baina beti hamar minutukoak.

“Asteazkenero, osasunbideak jasaten dituen arazoetako bat salatuko dugu: itxaron zerrendak, laborategien eta sukaldeen pribatizazioa, hitzarmenak…” azaldu du plataformak.Zentroetako langileez gain, erabiltzaileei ere parte hartzeko gonbita luzatu diete. Hilaren 8rako Sanduzelain deitu dute elkarretaratzea.

Oinarrizko arretarako plangintza bat egin zen arren, krisia heldu zenetik bertan inbertitzeko dirurik ez dagoela esan dute. Munduko Osasun Erakundeak osasungintzan inbertitzen den dirutik %22 lehen arretarako erabiltzea gomendatzen du, eta Nafarroan %16-18an daude. “Osasun sistema publiko batek eduki behar ez lituzkeen hutsuneak dira” adierazi dute.