Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin atera da aurrera errenta bermatzeko foru legea. Aurka agertu dira UPN, PP eta PSN. 18 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du datorren bi urteetarako. Parlamentuaren aurrean, Errenta Bermatzeko Plataformako kideek kontzentrazioa egin dute, ez dela nahikoa iritzita.
Geroa Bairen ustez “egun posible den legerik onena da”. Martxoaren hasieran iragarri zen akordia azaroak 3an onartu dena. Gizarte eragile eta adituekin izaniko bileren ostean iritsi da.
UPNren gobernuaren garaian indarrean zegoen legearekiko baldintzak leundu ditu: 65 urtetik gorako pertsonak eta egoera irregularrean dauden atzerritarrak ere barneratzen ditu lege berriak.
Aurrekontuko 18 milioi euroekin errenta hau jasotzen duten 25.000 pertsonen egoera hobetu nahi dutela adierazi dute. Laguntza jasotzen dutenen %80a dira horiek. Haurrak dituzten familiek igoera izango dute, laguntza 1.200 eurora iritsiz. Bestalde, 5.000 bat nafarri errenta 655 eurotik 600ra murriztuko zaie.
Legea onartu bitartean parlamentu aurrean protesta egin dute “Oinarrizko errenta denontzat” lelopean. Oinarrizko Errentaren Aldeko plataformako bozeramaile Ana Fernandezek azaldu du legea ez dela nahikoa eta hainbat kolektibo kanpoan utzi dituela.
18 eta 24 urte arteko gazteen egoera zaildu dutela salatu dute. Hauei bi urteko emantzipazioa eta gutxienez urte betez gizarte segurantzan kotizatu izana eskatu zaie, plataformaren ustez “ezinezko zerbait”. Halere, aurreko legeari aurre eginez emaniko aurrerapausoak ongi baloratu ditu Fernandezek.