Aurtengo ikasturtea bukatzeko, promozioa izango da araua etapa guztietan. Hau da, ikasturtea errepikatzea oso salbuespenezkoa izango da. Azken ebaluazio irizpideak egokitu egingo dira eta hauek oinarrizko ikaskuntzetan zentratuko dira. Eta ebaluazio honetako curriculuma malgutu egingo da. Aurtengo ikasturte bukaera eta hurrengoaren hasiera uztartzea da Nafarroako Gobernuaren plana, horretarako bi ikasturteetako curriculumak uztartuz.
Nafarroako Gobernuak apirilaren 17an jakinarazi ditu ikasturte bukaerarako irizpide orokorrak, eta Espainiako Gobernuak proposatu duen markoaren barruan kokatzen da, alderdi bera bietan agintean egonik, esperotzekoa zen bezala.
Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok nabarmendu du "ezin dela bermatu ikasleen arteko aukera berdintasunik hiruhileko honetan" eta ebaluazioaren oinarrizko irizpidea honela zehaztu du: "Ikasleek ez dute ikasturtea galduko koronabirusagatik. Inor ezin da horregatik atzean geratu, eta inor ezin da kaltetuta atera pandemiak ikas prozesuan izan duen eraginagatik".
Klaseak ekainaren 19an bukatuko dira eta promozioa izango da araua etapa guztietan. Hau da, ikasturtea errepikatzea oso salbuespenezkoa izango da, sendo argudiatu beharko da eta Espainiko Gobernuak ezarritako marko orokorrak dioen bezala, plan zehatz bat ere eraman beharko du, ikasturtea nola errekuperatu daitekeen adieraziko duena.
Azken ebaluazio irizpideak egokitu egingo dira eta hauek oinarrizko ikaskuntzetan zentratuko dira. Eta ebaluazio honetako curriculuma malgutu egingo da.
Aurtengo ikasturte bukaera eta hurrengoaren hasiera uztartzea da Nafarroako Gobernuaren plana, horretarako bi ikasturteetako curriculumak uztartuz. Hau ez da egingo etapa amaierako urteetan, hau da, 4. DBH, eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako 2. mailetan.