argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren neurriak ontzat eman ditu Justizia Auzitegiak
  • Tabernak eta diskotekak 01:00etan ixtea baimendu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, baita COVID ziurtagiria adinekoen egoitzetara, hoteletara edo gimnasioetara zabaltzea ere. Neurriok urtarrilaren 14a arte egongo dira indarrean, buletin ofizialean jasotzen direnetik.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 29a
Argazkia: EITB Media

Gobernuak hartutako neurriak "kutsatzeak geldiarazteko beharrezkoak eta proportzionatuak" direla adierazi dute epaileek. Foru agindu berriaren arabera, ostalaritza lokalak itxi egingo dira 01:00etatik 06:00etara, eta eserita kontsumitu beharko da, gehienez ere hamar laguneko taldeetan. Halaber, ekitaldi sozial, kultural eta kirol arlokoak arautuko dira.

Bestalde, adinekoen egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko COVID ziurtagiria eskatzea baimendu du auzitegiak. EITBk nabarmendu duen moduan, Neurri hori Gizarte Eskubideen kontseilariak joan den astean onartutako foru aginduan zegoen jasota, baina epaileek ez zuten ontzat jo, eskumen falta argudiatuta; izan ere, eskaera Osasun kontseilariak sinatuta behar zuen egon.

Ziurtagiria aurkeztu beharko da, halaber, diskoteka, kontzertu-areto, jatetxe, ostatu, joko eta pustu areto, gimnasio, kiroldegi eta bestelako instalazioetan sartzeko, salbu eta Espainiako Osasun Ministerioak araututako kirol-ekitaldietara sartzeko.