argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan murrizketek eta debekuek indarrean jarraituko dute abenduaren 18ra arte
  • Datuen bilakaeraren arabera ostalaritzak azaroaren 26an irekitzeko aukera zabalik dago. Gabonetarako neurri batzuk arintzeko asmoa agertu du Chivite lehendakariak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 16a
Argazkia: nafarroa.eus

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remírezek jakinarazi ditu gobernuaren erabakiak. Abenduaren 18a arte egungo debeku eta neurri murriztaile nagusiak mantenduko dira: Erkidegoaren konfinamendua, ostalaritzaren itxiera, 23:00ak eta 6:00ak bitarteko etxeratze-agindua, espazio publikoan sei pertsona baino gehiago eta etxeetan elkarbizitza unitatetik kanpoko inorekin biltzeko debekuak. Remírezek, hala ere, datuak positiboak izanez gero ostalaritzaren itxieraren inguruko neurriak azaroaren 26tik aurrera “malgutzeko” aukera zabalik utzi du, adibide bezala terrazen irekiera aipatuz.

Zubiak eta Gabonak

María Chivite lehendakariak Ser irratian hitz egin du gaur. Kutsadura kopuruen datuak positibotzat jo du, baina “zuhurtzia eta pazientzia” eskatu die herritarrei: “Egia da lortu dugula positiboen kurba apaltzea. Beheranzko joera nabaria eta jarraitua da azken bi asteotan, baina zuhurrak izan beharra dugu, jaiegun luzeak datozelako, ez da komeni lasaitzea”. Lehendakariak esan du lehenbiziko olatu osteko debekuen arintzea “azkarregi” egin zela, eta ez dela akats berbera errepikatu behar.

Testuinguru horretan, azaroaren 29tik abenduaren 8ra arteko jai egun berezietan erkidegoak konfinatuta jarraituko duela iragarri du lehendakariak. Gabonetarako, aldiz, debeku eta murrizketak zer edo zer arintzea aurreikusi du: “Argi dago aurtengo Gabonetan ez ditugula ospakizun eta afari jendetsuak ikusiko. Seguruenik, familia osoa ezinen da mahaiaren bueltan egon, baina saiatuko gara neurriak arintzen, etxe berekoak ez diren pertsonak elkartzeari dagokionez”.