argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan jada ezin dira erabilera bakarreko plastikozko mahai tresnak saldu
  • Uztailaren 3tik aurrera ezin da erabilera bakarreko plastikozko produkturik saldu Nafarroan, hondakinei buruzko foru legeari esker. Berez, Europa osoan sartu da indarrean EBren zuzentaraua, baina estatuek transposizioa egin gabe daukate: Nafarroako Gobernua zentzu horretan aitzindaria da eta zuzentarau hau kontuan hartu du foru legean. Eguzki talde ekologistak zera adierazi du: "Txalotzekoa iruditzen zaigu arazo larri honen aurrean Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakia, pauso garrantzitsua da, ausarta bezain desiratua; izan ere kontuan hartu du Europar Batasunak gai honen inguruan 2019an egindako Zuzentaraua. Gainerako administrazioek Nafarroako eredua jarraitu beharko lukete. Zeren zain daude?".

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 13a

Erabilera bakarreko plastikozko produktuak dira mahai-tresnak eta platerak, lastotxoak, kotoi zotzak, edari irabiagailuak, puxika-makilatxoak, janari edo edarientzako poliestireno hedatuko ontziak eta dosi bakarreko eta birziklagarriak ez diren kapsulak. Nafarroako Gobernuaren foru legeari esker hauek saltzea debekatua dago uztailaren 3tik.

Eguzki talde ekologistak jakinarazi du itsasoak kutsatzen dituzten hondakin guztien %43 erabilera bakarreko produktuak direla eta hurrengo pausoa hau izan beharko litzatekeela nabarmendu du: "Hurrengo pausoa eta erronka izan beharko litzateke formatu kutsakor hori ekoitz dadila debekatzea, itsasoan ez ezik, gizakion osasunean ere eragin oso kaltegarriak dituelako".