argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan ikasketak euskaraz egiten dituztenek ez dute hizkuntza gaitasuna egiaztatu beharko, EAEn bezala
  • Euskaraz aritzeko gaitasuna neurtzen duten titulazioak baliokidetuko dira ikasketa mailaren arabera. Eusko Jaurlaritzak 2012an indarrean jarritako dekretuaren ildotik doa Nafarroako Gobernuaren ideia.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 26a

Ikasketak euskaraz egiten dituztenek ez dute hizkuntza gaitasuna egiaztatu beharrik izango datozen Nafarroako lan deialdi publikoetan. Eusko Jaurlaritzak 2012an aurkeztutako dekretuaren antzekoa prestatzen ari da Nafarroako Gobernua, eta urtarrilean argitaratuko du, Berria-k jakitera eman duenez. Euskaraz ikasketak egin dituztenei euskaraz aritzeko gaitasuna aitortutzat ematea du xede. Ikasketa mailaren arabera baliokidetuko da, EAEn bezala. Dena den, xehetasunik ez da eman oraingoz.

Zeresana emango du

2012an onartu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza politikako dekretua, gaur egun indarrean diharduena. Zeresana eman zuen, Miel Anjel Elustondok ARGIAn argitaratutako artikuluan dioen bezala. PSE-EE zegoen gobernuan eta kritiko azaldu ziren euskalgintzako eta hezkuntzako zenbait eragile: ohartarazi zuten ez zela egokia aurrez zehaztu gabeko barometrorik gabe gaitasuna aitortzea. Hots, ez zela bidezkoa Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa B edo D ereduan egin dutenei titulazio bera baliokidetzea, ez baitago zehaztua Bigarren Hezkuntza amaitzean zein gaitasun izan behar duen ikasleak eta zein Batxilergoa amaitzean.

Azken hilabeteotan mugimenduak izan dira Jaurlaritzan. DBH amaitzean B2 maila edukitzea proposatu dute, hau da, koska bat igotzea –egun B1 maila aitortzen da–. Iritzi kontrajarriak sortu ditu: euskara indartzea edo ahultzea ekar lezake, baina batzuen aburuz planteamendua irreala da.

Ikusteke dago nolakoa izango den Nafarroako Gobernuak aurkeztuko duen dekretu proposamena –aurkeztuz gero–, eta ea baliokidetzak berak izango diren. Milaka nafarrei eragin diezaioke erabakiak.