argia.eus
INPRIMATU
Igo egin dira arrazakeriari eta xenofobiari lotutako delituak Nafarroan
  • A Coruñako Unibertsitateak (Galiza) egindako ikerketa batean zehaztu dute hamabost gertakari arrazista atzeman dituztela Nafarroan 2020an: 2019an baino bost kasu gehiago. Halere, erasoen %80 estatistiketatik kanpo gelditzen direla esan dute, biktimek ez dituztelako salatzen.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 29a
Arrazakeriaren aurka Iruñean egindako jaialdi bateko irudia (Argazkia: Ekinklik)

Arrazakeriari lotutako gorroto delituen igoera antzeman dute Nafarroan. Foru gobernuak hala eskatuta, A Coruñako Unibertsitateak (Galiza) ikerketa bat jarri du martxan eskualdeko egoera zein den aztertzeko, eta zehaztu dute Nafarroa ez dela eremu arrazista eta biztanleak migratzaileekin “toleranteak” direla. Halere, azken urtean gorroto kasuen igoera egon dela adierazi dute: 2020an, hamabost gertakari arrazista zenbatu zituzten, 2019an baino bost gehiago.

Atzo, ikerketako emaitzen aurkezpena egin zuten Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek, departamentuko zuzendari nagusi Patricia Ruiz de Irizarrek eta A Coruñako Unibertsitateko ikerlari Obdulia Taboadelak. Taboadelak zehaztu zuenez, zifrak baxuak izan arren, arazoa da estatistiketan bildu ezin diren hainbat kasu daudela: “Europako Batzordearen arabera, gorroto delituen %80 inguru ez dira salatzen, eta horrek kezkatu egiten gaitu”.

Nafarroan gertatzen diren arrazakeria kasuen nolakotasuna oso bestelakoa da. Taboadelaren arabera, delituen pertzepzioan eragin handiena duen faktoreetako bat atzerritarrek Nafarroan daramaten denborarekin lotuta dago: “Pertsona bat iritsi berria denean, diskriminazio-gertakari bat pairatzen badu, gehienetan ez da konturatzen bizi izan duela, burua beste lehentasun batzuetan jarrita duelako (lana aurkitzea, etxebizitza, seme-alabak eskolatzea…)”. Komunitatean “finkatuta” dagoen pertsonak, ordea, kontzienteago dira sufritzen dituzten arrazakeria egoerez.

Diagnostikoa egiteko, hainbat emakume migratzailek, ijitoek eta atzerrian jaio baina Nafarroan eskolatutako gazteek hartu dute parte. Guztiek arrazakeria edo xenofobia kasuak pairatu dituzte, bereziki etxebizitzaren eta enpleguaren esparruetan. "Pertsonaren izenak berak zehazten duen diskriminazioa da, baita fisikoki topo egin aurretik ere. Izena, datu pertsonalak, azentua, atzerriko jatorria zehazten duten zantzuak diren aldetik, gaur egun iragazki bat dira”.

Bestalde, nabarmentzekoa da arrazakeria eta xenofobia kasu asko instituzioen edo bertako langileengandik datozela. Taboadak jarri duen adibideetako bat da funtzionarioek migratzaileei beharrezkoa ez den dokumentazioa eskatzea. Alde horretatik, diagnostikoan parte hartu duten atzerritar askok esan dute “suminduta” sentitu direla erakunde publikoen aldetik jasotako tratuarekin.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Plana 

Ikerketan jasotako emaitzak baliatuz, Nafarroako Gobernuak 2021-2026 aldirako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Plana prestatzeko nahia adierazi du. Honakoa ere A Coruñako Unibertsitateko ikerlariekin batera egingo dute, eta, esan dutenez, abendurako izango dute prest, datozen bost urteetan martxan jarri ahal izateko.