argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan hirugarren fasea: Muga “ahalik zuhurrenak” ezartzearen aldeko hautua
  • Nafarroako Gobernuak ahalik muga zorrotzenak ezartzearen aldeko hautua egin du. Esaterako, tabernetan ezingo da barrarik erabili gutxienez astebete beranduagora arte eta terrazetan edukieraren %75 erabili ahalko da. Jairik ez egiteko deia egin du Chivitek %50eko edukiera baimendu du kultur ekitaldietarako eta merkatal guneetarako.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 08a

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du nola arautu duen hirugarren fasea. "Osasun Ministerioak proposatu dituen portzentaje-tarteetatik zuhurrena" aukeratu du Nafarroak. Jaurlaritzak araudi laxoagoa ezarri du EAErako fase bererako.

Festarik ez egiteko deia

Festen atarian, Chivite lehendakriak Udalei gogora ekarri die Udal eta Kontzejuen Federazioarekin sinatutako akordioa, eta “ekitaldi ofizialik ez egiteko” eskatu du, “udal-eskumenekiko begirunez betiere”. Herritarrei mezu hau zabaldu die: “Topaketa ez-formalak eta koadrilen, familien eta bizilagunen hitzorduak saihesteko. Ulertu behar dugu egitarau ofizialik ez egotea inolako jairik ez egiteko deia dela. Ezin diogu inola ere aisialdiari uko egin, baina era aunitz dago gozatzeko eta elkarrekin egoteko. Erantzukizuna eta beharrezko distantzia eta higienea beti gogoan izatea besterik ez dugu galdatzen”.     

Merkataritzan edukiera %40-%50ekoa

Txikizkako merkataritzako establezimenduak eta lokalak eta zerbitzu profesionaletako jardueretarakoek ohiko edukieraren %50 izango dute muga.

Merkataritza-gune eta merkataritza-parkeetan baimenduko komunak eta jolas-guneak irekitzea jendearentzat, baina edukiera %40ra mugatuko da, eta horietan dauden merkataritza-establezimendu eta lokalen edukiera, berriz, %50era.

Azoka txikien kasuan, "ohiko edo baimendutako saltoki-kopurua erdira" jaitsiko da. Udalek aukera izanen dute horretara bideraturiko azalera handitzeko edo azoka egiteko beste egun batzuk ezartzeko.  

Tabernetan barra erabiltzerik ez eta terrazetan edukiera muga %75ekoa

Aire zabaleko terrazen baimenduriko edukiera guztizko edukieraren %75ekoa izango da.

Tabernen barnean, baimenduriko edukiera gehienezkoaren 2/3 izanen da, mahaien artean distantzia nahikoa utzirik.

"Mantendu eginen da, astebetez gutxienez, barran kontsumitzeko debekua, epidemiaren oraingo fasean distantzia mantentzea zaila den espazio itxiak baitira".

Peñak eta elkarte gastronomikoak berriz ireki ahalko dira, baina ez "piperoak edo baxerak".

Kultur ekitaldietan edukiera muga %50ekoa

Edukiera %50ekoa izanen da liburutegi, museo, entzunaretoetan, zinemetan, antzokietan, karpadun zirkuetan eta mota horretako ikuskizun-aretoetan. 

Aire zabaleko ikuskizun eta kultur ekitaldietarako, edukiera 400 lagunera mugatuko da, "hau da, Estatuak iradokitako 800eko edukieraren erdira" dio Nafarroako Gobernuak.