HH, LH, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketakoikasleek ordutegi jarraituarekin hasiko dute datorren ikasturtea Nafarroan, COVID-19ak eragindako osasun egoerak hala eskatzen duen bitartean, Carlos Gimeno sailburuak jakinarazi duenez. Espainiako Gobernuak datorren ikasturteari aurre egiteko proposamena helarazi die autonomia erkidegoei.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du baztertzen egoera epidemiologikoak hobera egiten badu eta osasun-agintariek horretarako aukera ematen badute, "normaltasuna berreskuratzea eta ikastetxe bakoitzak ezarritako lanaldiarekin ikasturtea garatzea". Gimenok gaineratu du Nafarroak hezkuntza-errefortzu aplikatuei eutsiko die, eta Haur Hezkuntzan 20 ikasleren ratioa mantenduko duela datorren ekainean amaituko den ikasturte honetan.
Ikasturte berria prestatzeko "bide propioa" egingo du EAEk
Espainiako Gobernuak maiatzaren 19an autonomia erkidegoei aurkeztutako proposamenaren arabera, ikasle kopuruak pandemia aurreko kopuruetara bueltatzea proposatzen du. Espainiako Hezkuntza Ministerioak aurkeztutako proposamen-dokumentua baloratu du Jaurlaritzak, bertan jasotako neurrietako batzuk EAEn hartuko diren erabakietan sar daitezkeelakoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek bide propioa egingo dutela adierazi du.
Haur eta nerabeak talde itxietan jarraitu beharko dute baina egoera pixka bat malgutuko da, Arantxa Iraola kazetariak Berrian azaldu duen moduan. Haur Hezkuntzaren kasuan, ikasturte bereko haurren arteko ekintzak baimenduko dira, aire zabalean. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera, distantzia 1,2 metrora murriztuko da. Helburu nagusia beti aurrez aurreko eskolak izatea izango da.
Proposamenaren arabera [gaztelaniaz PDF formatuan], haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan ez da aldatuko burbuila-taldeen edo bizikidetza egonkorraren formula. Horietan, ikasleek ez dute segurtasun distantziarik gorde behar, baina trukean ezin dira jolastokian edo korridoreetan beste ikasgeletako ikasleekin nahastu.