argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan gaur hasiko dituzte unibertsitatera sartzeko frogak
  • Ekainaren 23tik 26ra egingo dituzte selektibitateko azterketak, aurreko urteetan baino bereziagoak izango direnak. Ikasle eta irakasleek osasun neurri bereziak hartu beharko dituzte eta galdera gehiagoren artean aukeratu ahal izango dute, hirugarren ebaluazioan aurrez aurreko eskolak eten izanak ez dezan ikasleen arteko arrakala gehiago handitu.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 23a

Goizeko 10:00etan hasita, Iruñeko eta Tuterako campusetan eta Iruñerriko institutuetan (Basoko, Iturrama, Plaza de la Cruz eta Zizur) egingo dituzte selektibitate azterketak.

Osasun neurriak

Koronabirus sintomak dituzten pertsonek ezin izango dute bertara inguratu eta familiako kideek ere ezingo dute hara joan, aniztasun funtzionaleko ikasleen kasuetan salbu. Eseri aurretik gel hidroalkoholdunaz eskuak garbitu beharko dituzte eta azterketa bakoitzaren ostean gela desinfektatu beharko dute garbitzaileek. Gomendio horiek eman dizkie Espainiako Osasun eta Hezkuntza ministerioak autonomia erkidegoei, eta iradoki die hobe dela azterketetarako egoitza gehiago irekitzea eta deszentralizatzea, horrela ikasleen pilaketak saihesteko eta ikasleek distantzia txikiagoa egin dezaten beren etxetik. Hortik aurrera, autonomia erkidego bakoitzak zehaztu du bere lurraldean selektibitatea egiteko modua eta Nafarroa da Espainiako estatuan azterketak egingo dituen lehen erkidegoa eta beraz, gainerakoak begira izango ditu.

Hautatzeko galdera gehiago

Urtero selektibitateak sortzen dituen eztabaidak are gehiago zabaldu dira aurten, konfinamenduaren ondorioz aurrez aurreko eskolak eten direnez, ikasleen arteko arrakala hazi delako eta horrek aukera ezberdintasuna areagotu duelako.

Unibertsitatera sartzeko frogetan, hautagai galdera gehiago jartzea izan da hirugarren hiruhileko honetan ikasleak edukiak lantzeko izan dituen zailtasunak orekatzeko modurik erabiliena. Teorian, nahi duenak hirugarren hiruhilekoko gairik hautatu gabe egin ahalko ditu azterketak, aurreko ebaluazioetako gaiak hautatuz.

Nafarroako azterketetan adibidez, Kimika ikasgaian hamar galdera izango dira, binaka multzokatuak, bost bloketan. Ikasleek edozein bost galdera hautatu ditzakete, baita bloke berekoak badira ere.

EAEn uztailaren 6an, tartean BECen

Uztailaren 6an egingo dira EAEko azterketak eta jende metaketei begira, kontrako norabidea planteatu du Jaurlaritzak, Barakaldoko BECeko pabilioi handi bat izango baita selektibitate azterketak egiteko egoitzetako bat.