argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan “euskaraz bizitzeko” eskubidea defendatuko du Podemosen Nafarroa Aldatu hautagaitzak
  • Nafarroako Podemos-Ahal dugu herrialdeko Hiritar Kontseilua hautatzeko primarioetan murgildua dago. Hiru barne hautagaitza dira Nafarroan eta otsailaren 8an amaituko da kanpaina. Info7 irratiko Kalegorrian saioan Laura Perez, “Nafarroa aldatu ahal dugu” hautagaitzako burua elkarrizketatu zuten ostegunean. Euskaraz bizitzeko eta euskara ikasteko eskubideak babestuko dituela esan zuen Perezek, “Nafarroa guztian, zonaldea kontuan hartu gabe”.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 06a
Laura Perez da "Nafarroa Aldatu" hautagaitzaren burua. (Argazkia: eldiario.es).

Gai sozialetan Nafarroako Podemosen hautagaitzek iritzi antzerakoa duten arren, gainerako alderdiekin paktuak egiteko dituzten asmoak desberdinak dira.

Inorekin traturik ez egitea babesten du Sandra Gonzalezen “100% ADN Podemos” hautagaitzak eta Perezek irratian azaldu zuenez, “Gonzalezen hautagaitzakoren batek EH Bildurekin akordio bat lortu baino lehen UPNrekin negoziatuko lukeela ere esan du”.

Beste hautagaitzari dagokionez, “Boschen 'Nafarroak Ahal du' hautagaitza ez da definitu gai horren inguruan baina gu bai, guk kasta diren UPN, PSN eta PP alderdiekin ez dugu akordiorik egingo” adierazi zuen Nafarroa Aldaturen hautagaiak mikrofono aurrean. Hala ere, Joan Boschen hautagaitzak Espainiako Podemosen babesa duela dirudi.

Otsailaren 9tik 13ra bozkatuko dituzte hautagaitzak Nafarroan eta emaitzak otsailaren 14an ezagutaraziko dira. Podemosen Nafarroako idazkari nagusia izateko hautagai da Laura Perez baina hautatua izanez gero, ez luke ziurtatuta edukiko Nafarroako parlamenturako hautagaia izatea.