argia.eus
INPRIMATU
Euskararekiko “ohitura txarrak” mantentzea egotzi diote Nafarroako Gobernu berriari
  • Nafarroako Gobernu berria ezarri denetik "euskararekiko hainbat ohitura kaskarrek" jarraitzen dutela adierazi du Administrazioan Euskaraz taldeak. Eremu mistoko herrietara agiriak gaztelania hutsean bidaltzea salatu dute.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 27a
UPNren gobernu zaharrak euskararekiko hartutako bide baztertzailearekin jarraitzea egotzi dio Administrazioan Euskaraz-ek "aldaketaren gobernuari" (argazkia: lizarbeibar.wordpress.com)

UPNren gobernu zaharrak euskararekiko hartutako bide baztertzailearekin jarraitzea egotzi dio euskararen normalizazioaren aldeko taldeak “aldaketaren gobernuari”. Osasun Publikoko agiriak, adibidez, gaztelania hutsean bidaltzen dizkiete eremu mistoan bizi diren hainbat langileri.

Taldeak kexa jarri zuen gobernuan, eta jasotako erantzuna izan da “ez dela nahitaezkoa eremu mistoko erabiltzaileei agiri pertsonalak euskaraz bidaltzea”. Arartekoak maiatzean adierazi zuen herritarrek hala eskatuz gero, informazioak euskaraz eta gaztelaniaz bidali beharko litzaizkiekela. Administrazioan Euskaraz taldean uste dute neurri horrekin ez dela nahikoa, euskal hiztunak eskari zehatzak egitera behartzen baititu.

Arartekoaren erabakia begi onez hartu ez arren, bereziki Nafarroako Gobernuarekin agertu da kritiko taldea.