argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan euskara normalizatzeko egiturazko 13 neurri zehaztu ditu Kontseiluak
  • Larunbateko Anaitasunako ekitaldiaren ondoren ‘Nafarroan hizkuntza-politika garatzeko hamahiru proposamen’ dokumentua eman du argitara Kontseiluak.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 28a
Larunbateko Anaitasunako ekitaldia. (Argazkia: Kontseilua).

Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko “urrats handiagoak” egin behar direla iritzita plazaratu du proposamena. 2015. urtean hasita, euskararen normalizazioak Nafarroan behar dituen “egiturazko neurriak” zehaztu dituzte:

1- Arkitektura juridikoa aldatu: Vascuencearen legetik euskararen legera pasatzea, legea osatzeko dekretuak eta arauak ere euskararen normalizazioaren zerbitzura jarriz.

2- Gobernuaren egituraren gailurrean kokatu euskara saila: Euskara lehendakariordetza sortzea hezkuntza sailetik aparte.

3- Administrazioa euskaldundu: Administrazioa osatzen duten sail guztiak euskalduntzea herritarrei zerbitzua euskaraz emateko.

4- Irakaste eredu egoki bat ezarri: D eredua abiapuntu hartuta irakaste eredu egoki bat ezartzea, beharrezko birmoldaketak eta baliabideak eskainiz.

5- Alor sozioekonomikoa euskaldundu: Lan-mundua euskalduntzeko erabakiak hartzea: publizitate eta produktu etiketen gaineko legeak sortu, hizkuntza irizpideka ezarri kontratazioetan, enpresetan normalizazio planak abiatzeko erraztasunak eman etab.

6- Helduen euskalduntzea: Helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari izaera estrategikoa ematea, euskara ikasten ari denari bidea erraztuz.

7- Euskarazko hedabideen babesa: Euskarazko hedabideak babestu eta elikatu.

8- Euskararen aurrekontua handitu: Aurrekontu osoaren %2a normalizaziora esleitzea, normalizazio-prozesuak ahalegin eta inbertsioak sortzen dizkietenei zerga kenketak eta euskalgintzarentzat diru-laguntzak eta kreditu finantzatuak ematea.

9- Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskaldundu: Hezkuntza maila horietan ere ikasketak gehiago euskaldundu.

10- Kultur sistemaren sustapena: Euskarazko kulturgintza babestu eta kultur jarduerei kuota sistema bat ezartzea.

11- Aisialdia euskalduntzea: Aisialdia euskalduntzeko lana indartzea finantziazioaren bidez eta euskarazko eskaintza bermatzea.

12- Arnasguneen babesa: Arnasgune geografikoak eta funtzionalak babesteko, hedatzeko eta elikatzeko politikak abiatu.

13- Hizkuntza-politika egokia: Epe eta helburu zehatzak dituen hizkuntza-politika jarri, administrazio guztien arteko koordinazio organoa sortu, herri-mugimenduak sortzen dituen proiektuekin osagarritasuna bilatu eta euskalgintzako agenteekin elkarlan iraunkorra ezarri.