Prentsaurreko bidez nabarmendu dute euskaldunen aurkako oldarraldia "are agerikoagoa eta bortitzagoa" dela Nafarroan. Martxoaren 23ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.
Nafarroan euskaldunek jasaten duten "erasoaldia" salatu eta "euskarari bultzada ematearen beharra" azpimarratu dute Gazte Euskaltzaleen Sareak eta Laba Sareak. Prentsaurrekoa egin dute Iruñean, Nafarroako zenbait eragilerekin batera.
"Euskaldunon aurkako oldarraldiak gogor kolpatu gaitu, eta hori agerikoagoa eta bortitzagoa da Nafarroan". Besteak beste, zonifikazioa, D ereduaren "eskaintza urria", NUPeko ikasleen "eskubide urraketa etengabeak" edota "euskarazko eskaintzen murrizketa" aipatu dituzte adibide gisa. "Euskara galbidera eraman nahi dute".
Horren aurrean, martxoaren 23an egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute, eta azpimarratu dute "ezinbestekoa" izango dela "nafar guztion bultzada". Iruñeako mobilizazioa 12:00etan abiatuko da, Antoniuttitik.