argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan epaitu gabe gelditu den bortxaketa bikoitza aztertuko du Estrasburgok
  • 2016an bi emakumek bortxatuak izan zirela salatu zuten, Iruñean. 2018an auzia artxibatu zuten eta ez zen epaiketarik egin. Espainiako Poliziak, Fiskaltzak eta Nafarroako Auzitegiak ikerketan egindako irregulartasunak salatu ditu biktimen abokatuak. Espainiako Estatuak biktimei kalte-ordaina emateko aukera izango du, eta akordiora iristen ez badira, epaiketa abiatuko da.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 21a
Sexu erasoen aurkako manifestazio bat Iruñean. Argazkia: Euskalerria Irratia

Gara egunkariak eman du albistearen berri, eta biktimen abokatuarekin, Jose Luis Beaumontekin hitz egin du. Egunkari horrek dio aurrekaririk gabeko ikerketa hasi duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Helegitea jarri eta erantzuna ematen bi urte inguru behar izaten ditu Europako Auzitegiak, eta bi emakumeen salaketaren kasuan, lau hilabetetan eman du ebazpena. Ikerketan egindako irregulartasunak salatu zituen abokatuak.

Espainiako Estatuak biktimei kalte-ordaina emateko aukera izango du, eta akordiorik ez badago epaiketa hasiko da. Bestalde, Europako Auzitegiak Espainiako Estatuari galdetuko dio 2016az geroztik gertatu denaz, alegia, zer egin duen biktimak babesteko eta frogak ez zitezen desagertu. Beaumont abokatuak egunkariari adierazi dio “sei urte geroago eta froga garrantzitsuenak suntsituta”, ez duela uste bidezko epaiketarik egin daitekeenik.

Gara-k azaldu duenez, bi bortxaketak ikertu behar dituen polizietako bat bortxaketaz akusatutako gizonetako baten koinatua da. Abokatuak salatu du hasieratik irregulartasunak egon direla ikerketa prozesuan. Besteak beste Espainiako Poliziaren Iruñeko komisarian bertan frogak desagerrarazi ziren eta Nafarroako justizia sistemak ez zien segimenik egin. Taberna bateko segurtasun kamerak grabatutako fotograma batzuk ere desagertu ziren. Bi akusatuak aske gelditu ziren eta frogak desagertu izana ere zigorgabe gelditu zen.

Sumisio kimiko bidezko bortxaketak

Bi emakume gazteak elkarrekin ibili ziren Iruñeko Alde Zaharrean 2016ko abenduaren 8an, eta hurrengo egunean beste auzo bateko etxe batean esnatu ziren. Ordu askotan zer gertatu zen ez ziren gogoratzen. Gauean ezagutu zituzten bi gizon zeuden etxean. Etxetik alde egin zuten, taxia hartuta. Bietako bat larrialdietara joan zen handik egun batzuetara, gorputzeko hainbat ataletan mina sentitzen zuelako. Ospitaleko osasun langileek adierazi zioten sumisio kimiko bidezko bortxaketa baten arrastoak zituela. Biak sentitzen ziren minduta eta zorabiatuta.