"Normaltasun berrirako trantsizioko I. fasea" zer den Nafarroak erakutsi du: maiatzaren 11tik, hamar pertsonatik beherako bilerak egin daitezke etxean, elkarte gastronomiko eta ostalaritzako terrazetan. Ez dago ordutegirik bilera hauetarako eta Nafarroa osoan barrena mugitu daitezke bertako biztanleak.
Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez argitu du lehen fasean zer egiteko aukera dagoen. Herritarrek konfinamenduan sentitu duten premia handietako bat era guztietako harremanekin aurrez aurre elkartzea izan da. Honi buruz, zera dio Nafarroako Gobernuak: "10 pertsona arteko bilerak 'normaltasun berrirako' trantsizioko I. fase honetan baimenduta daude, bai etxeetan, bai beste leku batzuetan, peñetan edo elkartetan, bai Foru Komunitateko ostalaritzako establezimenduen terrazetan".
Ordutegirik ez dago "familia edo gizarte bilera horietarako" (paseoak eta kirola egiteko bai, aurrez ezarritako ordutegiak indarrean daude) eta lagun talde horietan "beharrezkoa izango da kutsaketak ekiditeko, jada ezagunak diren osasun eta segurtasun neurriak eta distantzia mantentzea". Babes neurri hauek zehaztu ditu: gutxienez bi metroko segurtasun-tartea edo babes fisikorako neurri alternatiboak izatea, eskuak maiz garbitzea ur eta xaboi askorekin edo gel antiseptikoarekin eta besteen arnasa errespetatzea, hau da, eztul egitea ukondoaren angeluan edo zapi batez sudurra eta ahoa estaltzea. Herritarren harreman moduetan eragina duten beste neurri hauek ere fase honetan derrigorrak direla oroitarazi du Nafarroako Gobernuaren oharrak: elkarri eskuarik ez ematea, ezta musu eta besarkadarik ere.
Mugikortasunari dagokionez, I. fase honetan, Gobernuak argitu du "ordutegi-tarte zehatzik gabe mugitzea onartzen dela, baina probintziako mugak gainditu gabe. Etapa honetan debekaturik daude probintzien arteko joan-etorriak, salbuespen hauekin: 'osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik, familia egoitzara itzultzeagatik, adinekoak, menpekoak edo ezgaitasuna duten pertsonak zaindu eta laguntzeagatik, eta egoerak hala behartutako edozein egoeratan'”.